Biodibertsitateaz gozatu eta ikasteko ekintzekin jarraitzen du Ekoetxeak
Madariaga dorretxean kokatutako Ekoetxea Urdaibai zentroan bisita gidatuak, tailerrak eta haurrentzako ekintzez osatutako egitaraua prestatu dute asteburu honetarako
Ingurumen eta biodibertsitateagaz lotutako haur eta helduentzako programak irailean ere jarraipena izango du Busturiako Madariaga Dorretxeko Ekoetxea Urdaibai zentroan. Bihar eta etzi, ondo pasatzeko, ikasteko eta naturagaz bat egiteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, familientzat zuzendutako hainbat ekintzen bitartez. Aldi berean, ikastetxeek 2016-2017 ikasturteko Eskola Programa Didaktikoan izena emateko epea ere zabalik dagoela jakinarazi dute zentroko arduradunek.
Astebururo bezala, ekintzak zapatu goizean hasiko dira. Egun osoan haurrentzako tirolina eta rokodromo bat jarriko dute. 10:00etan, aldiz, Zetazeoak 10etan itsas irteera gidatua egiteko aukera egongo da Bermeotik abiatuta, itsasoko ugaztun dotore hauek ikusi eta entzun ahal izateko.
Teknologia berrien garrantziagaz ohartuta, zentroko arduradunek App eta Scrathc tailerra eskainiko dute; ingurumena ezagutzeko app eta eta gadget teknologikoak sortzen erakusteko.
Arratsaldean ere jarraipena edukiko dute ekintzek, Ezer ez da dirudiena, lagun berriak ezagutu nahi dituen otso baten istorioagaz. Iluntzean, berriz, gautxoriak ezagutzeko tailerra eta irteera egingo dute, 20:30etik aurrera.
Igandean aldiz, Urdaibaiko paduretatik bisita gidatua egingo dute, haurrentzako puzgarriak eta kometak egiteko tailerra ere izango dira arratsaldean.
Aipatutako ekintzetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 94-687 04 02 telefono zenbakira deituz edo info@torremadariaga.org posta elektronikora idatziz.
Ekintza hauekin batera, ArteBrutto Naturalis, Rober Garai artistaren LandArt erakusketa paregabea ere dago ikusgai zentroaren erakusketa aretoan.
Eskola programa
Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek jakinarazi dutenez, 2016-2017 ikasturteko Ingurumen Hezkuntza eta Sentsibilizaziorako Eskola Programa Didaktikoa parte hartu nahi duten ikastetxeei irailaren 8an irekiko zaie izena emateko epea. Ikasleen artean biodibertsitatearen ezagutza eta garapen iraunkorraren inguruko ezagutzak zabaltzea helburu duen ikastaroa urriaren 8an hasiko da.