Bermeoko Udalak diruz lagunduko du HITZA, aurten ere
Bermeoko Udalak HITZAgaz eta Itsuki Irratiagaz urtero sinatzen dituen hitzarmenak onartu zituen atzoko osoko bilkuran. Hitzarmen horietan, aurten, murrizketa bat egon da. Hala, bi hedabideek 3.000 euro gutxiago jasoko dituzte. Udal gobernuak hartutako erabaki hori ez dute gustuko izan oposizioko alderdiek. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) eta Izartu Bermeoko zinegotziak abstenitu egin ziren, eta Guzanek, berriz, aurka bozkatu zuen.
20.000 euroko diru laguntza ematen zion Bermeoko Udalak HITZAri;aurten, baina, 17.000 euro jasoko ditu. Itsuki Irratiaren kasuan, 18.000 eurotik 15.000 eurora jaitsiko da diru laguntza.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldutakoaren arabera, «doitze plana egin behar izan dugu Bizkaiko Foru Aldundiari milioi bat euro itzuli beharra daukagulako. Egia da, gobernu taldearen erabakia izan dela diru hori nondik kendu, eta hainbat lekutatik kentzea erabaki dugu, bai eta hitzarmen hauetatik ere. Ea sail gehienetan murrizketak egin behar izan ditugu».
Gobernu taldeak soilik hartutako erabakia dela kritikatu dute jeltzaleek: «Zenbateko murrizketa egon behar den edo murrizketarik egon behar den erabakitzeko aukerarik ez dugu eduki». Jeltzaleen ustez, «aurrekontu proposamen bat egon balitz, agian, ez zen kasu horietan murrizketarik beharko eta beste nonbaitetik kendu ahalko litzateke. Baina, aurrekontu proiekturik ez da mahai gainean jarri, aurrekontu luzatuekin gabiltza». Murrizketa horiek, beraz, udalak aurrekonturik egin ez izanaren ondorio dira.
EAJren arabera, murrizketaren ondorioz, bestalde, «kolokan gera liteke gure herriko hedabide baten etorkizuna», gaineratu dute.
Eztabaidatu barik hartutako erabakia dela eta, Izartu Bermeoko zinegotzia ere abstenitu egin zen.
Guzanek, berriz, murrizketaren aurka bozkatu zuen. Horien arabera, batzuentzat murrizketek ondorioak ekar ditzakete, eta eztabaidatu beharreko «gai garrantzitsu» bat dela uste dute, gainera.