Zapatu goizean hasi eta eguerdira bitartean lehiatuko dute proba.
Hiru modalitate egongo dira aurten ere:
5.000 metrokoa, 1.500 metrokoa eta umeen 500 metrokoa.
Bermeoko portutik Izaro uhartera arteko 5.000 metroko proban 332 igerilari ariko dira lehian (iaz 255 pertsonak egin zuten). Horietatik
11 bermeotarrak direla zehaztu dute antolatzaileek. Guztira 277 gizonezkok eta 55 emakumezkok lehiatuko dute probarik gogorrena.
1.500 metroko zeharkaldia, berriz,
223 igerilarik egingo dute, eta horietatik
26 partaide dira herrikoak (iaz 151 partaide izan ziren). Proba honetan 114 gizon eta 79 ume elkartuko dira.
Bestalde,
62 umek egingo dute
500 metroko proba (iaz 45 umek egin zuten). Horien artean
bermeotarrak sei neska eta hiru mutil izango dira.
Hiru modalitateak kontuan hartuta,
iaz baino 166 parte hartzaile gehiago elkartuko dira Bermeon. “600 partaidetan jarri genuen aurtengo helburua, eta hori aspaldi bete zen”, zehaztu du Aintzi Laburu Camposeko Marketing zuzendariak.
11:00etan hasiko da
umeen proba. Ondoren,
11:40an 5.000 metroko zeharkaldia burutuko duten
emakumezkoen txanda izango da, eta
hamar minutu beranduago uretaratuko dira
gizonezkoak. Azkenik,
12:00etan ekingo diote lehiari
1.500 metroko probaren partaideek.
Goizean Bermeoko Kultur Etxean aurkeztu dute proba. Argazkian Aintzi Laburu eta Idurre Bideguren.
Laugarren urtez antolatu duten itsas zeharkaldia “arrakasta handiko” proba bihurtu dela nabarmendu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.
Halaber, parte hartzaileen artean gero eta emakumezko, gazte eta bermeotar gehiago egotea pozgarria dela adierazi dute: “Albiste oso ona da. Izan ere, zeharkaldiak Salome bermeotar emakume ekintzailea omentzen du, eta poztekoa da gero eta emakume bermeotar gehiagok parte hartzea”.
Gonbidatu bereziak
Aurtengo edizioan gonbidatu bereziek parte hartuko dute. Gipuzkoatik
Kanporta Kirol Elkarteko igeriketa egokituko kideak etorriko dira Bermeora. Horiek
1.500 metroko eta 500 metroko probetan ariko dira igerian.
Besteak beste, igeriketa egokituan Euskal Herri mailan aitzindaria izan den Richard Oribek lehiatuko du 1.500 metroko zeharkaldia. Oribek bost joko paralinpikoetan hamasei domina eskuratu ditu, eta aurten erretiratu da. “Talde onen esfortzua eta dedikazioa nabarmendu nahi dugu merezitako omenaldi baten bidez”, azaldu du Laburuk.
Bestalde, iazko 5.000 metroko eta 1.500 metroko irabazleak eta bigarren eta hirugarren sailkatuak ere Bermeon izango dira zapatuan.