San Antolin jaiak ailegatu dira Gautegiz Arteagara eta Berriatura
Zapatuan Gazte Eguna ospatuz hasi zituzten jaiak Gautegiz Arteagan, eta domeka izango dute azken jaieguna. Berriatuko Milloin bihar hasiko dira ospakizunakSan Antolin jaiak ospatzeko gogotsu daude Gautegiz Arteagako eta Berriatuko Milloi auzoko bizilag...
Zapatuan Gazte Eguna ospatuz hasi zituzten jaiak Gautegiz Arteagan, eta domeka izango dute azken jaieguna. Berriatuko Milloin bihar hasiko dira ospakizunak
San Antolin jaiak ospatzeko gogotsu daude Gautegiz Arteagako eta Berriatuko Milloi auzoko bizilagunak. Bihar bezpera egunean hasiko dira motorrak berotzen, eta etzi izango dute egun handia.Hala ere, Gautegiz Arteagan zapatuan ekin zieten jaiei, Gazte Eguna ospatuz. Gazte eta ez hain gazteak elkartu ziren, batik bat eguerdian eta gau partean.
Goizean paellak prestatzen ibili ziren kuadrillak, eta triki poteoa egiteko ere astia hartu zuten askok. Bero sargoriari gerizpetan egin zieten aurre, eta giro ederrean bazkaldu zuten.
Sei paella aurkeztu zituzten paella txapelketara, eta 6 zenbakidun paella izan zen epaimahaikideen iritziz denetan onena. 1 zenbakia zuena sailkatu zen bigarren, eta biek ala biek ardo botilak jaso zituzten sari moduan.
Bertso doinu artean girotu zuten bazkalostea, eta gauean, berriz, Laukatu eta Versus taldeen rock doinuek hartu zuten plaza. Horien ostean, Urrats taldearen erromeriagaz borobildu zuten gaua. Bertako zein inguruko herritarrak bildu ziren gauean.
Asteburu honetan ere musikarik ez da faltako. Etzi, San Antolin egunez, Gontzal Mendibilek emanaldia eskainiko du gauean, eta ostean, Haitzamaren erromeriak dantzan eta kantuan jarriko ditu bertaratutakoak.
Mozorro desfileak
Bestalde, zapatu arratsaldean Egan talde ezagunaren erromeria egongo da.
Aurretik, goizean hasi eta eguerdira bitartean tortilla txapelketan elkartuko dira kuadrillak. Gainera, jakitera eman dutenez, 17 urte arteko gaztetxoentzako sari bereziak prestatu dituzte.
Iluntzean mozorro lehiaketaren desfilea egingo dute haur eta gaztetxoek batetik, eta nagusiek bestetik. Elikagaiak gaiaren inguruan mozorrotu beharko dira herritarrak.
Domeka arratsaldean, Montorre pilota eskolako kideek partidak jokatuko dituzte. Umeen ostean nagusien txanda izango da. Ekaitz Saralegik eta Uriondok jokatuko dute Uriona eta Arrizabalagaren aurka.
Iluntzean, Mr Pitxitxi kale antzerkiagaz agurtuko dituzte jaiak datorren urtera arte. Besteak beste, aurtengo Leioako Umore Azokan Euskadiko Kale Ikuskizun Onenaren saria jaso du.
Western jaialdia
Berriatuko Milloi auzoan, ostera, San Antolin egunez mozorrotuko dira. Iluntzerako parrillada eta Western jaialdia antolatu dituzte. Far West estiloan girotuta, besteak beste, zezen mekanikoan edota uso-tiroan aritzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Giro ederra ziurtatuta egongo da, eta jai batzordetik mozorrotuta joateko deia egin dute.
Beste alde batetik, tradizioari eutsiz, briska zein mus txapelketak jokatuko dituzte. Hogeigarren briska txapelketa izango da aurtengoa, eta San Antolin egunez lehiatuko dute, arratsaldez. Parte hartzeko bikoteko 10 euro ordaindu behar dira. Bikote irabazleak 150 euro eta zapiak jasoko ditu, eta bigarren sailkatutako bikotearentzako 100 euro eta garaikurrak egongo dira.
Mus txapelketa, berriz, zapatu arratsaldean izango da. 16:30ean egingo dute izen ematea, eta bikoteko 15 euro ordaindu behar dira. 21. Mus Txapelketaren irabazleek 300 euro eta txapelak jasoko dituzte, eta bigarren postuan geratzen den bikoteak 160 euro eta garaikurrak eroango ditu etxera.
Domeka izango da jaien azkenengo eguna, eta kirola izango da eguneko protagonista.
Eguerdiko bertso saioaren ostean, XVI. Triatloi berezia lehiatuko dute. Hiru laguneko taldeetan banatuta, korrikan, bizikletan eta motor gainean egingo dute proba.
Ondoren, auzoko elkartean bazkalduko dute. Bazkarirako txartelak txosnan salgai egongo direla jakitera eman dute.
Arratsaldean kinttopeko idi proben Milloiko XX. Perran saria jokatuko dute. Hiru partaide ariko dira lehian: Berriatuko Arrialde, Arronako Etxetxo eta Billelako Lopategi. Herriko harriagaz burutuko dute proba, eta 200 kiloko gainkarga edukiko dute.
Idi probak amaitzean, plazan, herriko produktuekin osatutako otzara eder bat zozkatuko dute bertaratutakoen artean.