Herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukerak zabaltzeko elkarlanean aritu dira aurten, beste behin ere, Bermeoko Udala, lau banketxe eta aholkularitza bat. Hala, jakinarazi dutenez, aurten errenta aitorpen guztien %24 batez beste, euskaraz egin da entitate horietan. Aipatu kopurua “oso positiboa” dela nabarmendu dute.
Aurtengo kanpaina aurkeztu zuteneko argazkia
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri aurretik, bide guztiak kontuan izanik, aitorpenen %7a baino ez zen euskaraz egiten. Kanpainak hiru urte daramatza martxan, eta, batez beste, errenta aitorpenen %25 egin da euskaraz. Udalaren eta entitateen elkarlanari esker, beraz, kopurua asko igo dela azaldu dute.
Ahozkoan euskararen erabilera “oso handia” izan dela azaldu dute: “Sukurtsal batzuen kasuan, %100ekoa izan da”. Dokumentua egiterako orduan, baina, ehunekoa txikiagoa dela zehaztu dute. Modu horretan, jendea, oro har, ahoz idatziz baino hobeto moldatzen dela ondorioztatu dute. Errenta aitorpena euskaraz egiten duten asko gazteak direla aipatu dute.
Aurtengo datuak ikusita, “banketxeen, aholkularitzaren eta udalaren arteko ellkarlanak bere fruituak eman dituela argi geratu da”, dio euskara zinegotzi Juan Karlos Agirrek. Hortaz, elkarlanean jarraitu beharra daukatela adierazi du.
Datorren urtera begira, dagoeneko martxan dagoen elkarlana indartzea proposatzen du euskara zinegotziak.