Bittor Txakartegi izango da Lekeitioko jaietako pregoilaria
Profesionalen mailako Akarregi esku pilota txapelketa jokatuko da hiru egunetan. Barrakak egun gutxiagotan egongo dira aurtengo jaietanBittor Txakartegik botako du aurten Lekeitioko San Antolin jaietako txupina. Hainbat urtetan jubilatuen elkarteko leh...
Profesionalen mailako Akarregi esku pilota txapelketa jokatuko da hiru egunetan. Barrakak egun gutxiagotan egongo dira aurtengo jaietan
Bittor Txakartegik botako du aurten Lekeitioko San Antolin jaietako txupina. Hainbat urtetan jubilatuen elkarteko lehendakari eta Antzar Jaiaren batzordeko partaidea izan dena aukeratu du jai batzordeak 2016ko San Antolin jaien hasierako pregoilari.Joan den barikuan udaletxeko areto nagusian egin zuten jaien egitarauaren aurkezpenean eman zuten jakitera izendapena. Bittor Txakartegigaz gain, Asegarce eta Aspe pilota enpresetako pilotariek bete zuten aretoa. Izan ere, urtero legez, Akarregi pilota txapelketa jokatuko da jaien baitan, eta aurkezpenean esan zutenez, «aspaldian jokatu den txapelketarik hoberenetakoa» izango da.
Irribarria, Zabaleta, Urrutikoetxea, Larunbe, Olaizola II, Albisu eta Rezusta, bai eta sorbaldan izandako samin baten ondorioz Lekeiton egoterik izan ez zuen Jokin Altuna izango dira, besteak beste, San Antolin jaietako pilota jaialdiaren protagonistak. Lehen finalerdian Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Larunbe jardungo dira, eta bigarrenean, Olaizola II-Albisu eta Altuna III-Rezusta.
Guztira, hiru egunetan jokatuko da txapelketa. Barikuan eta zapatuan finalerdiak jokatuko dituzte, eta torneoaren finala irailaren 5ean, Antzar Egunean izango da.
Txapelketako partidagaz gainera, beste bi partida jokatuko dira txapelketak iraungo dituen hiru egunetan. Azken egunean, gainera, omenaldi txiki bat egingo diote Pablo Berasaluze pilotariari.
Kontzertu ugari
Profesional mailako esku pilota jaialdiagaz gain, jaietako egitarauko beste ekintza batzuk ere aurkeztu zituen Josu Itza Lekeitioko Udaleko kirol zinegotziak.
Aurtengo jaietako berritasunen artean, San Antolin egunean egongo den Vulkano Show orkestra aitatu zuen. «21 pertsonak osatzen dute taldea, giro alaia ematen dute adin txiki zein nagusienei zuzendutako musika eskainiz».
Horrez gain, irailaren 3ko rock kontzertua eta antzar bezperan Sabino Aranatik plazaraino egongo diren hiru suzko zezenak ere nabarmendu zituen kirol zinegotziak. «Hilaren 7ko kuadrilla eguna zirku eguna izango da. Zirkua gaitzat hartuta mozorrotuko dira denak».
Herritarren eskaera
Bestalde, barrakak egun gutxiago egongo dira, aurten, Lekeitioko Independentzia plazan. Herritarrek horrela eskatuta, Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoagaz berrikusi ditu udalak egonaldiaren inguruan hitzartutako baldintzak, eta jakitera eman duenez, 2016, 2017 eta 2018 urteetarako hitzarmena sinatu dute elkargoagaz.
Horrela, aurten, hamalau egunez egongo dira barrakak plazan, iaz baino sei egun gutxiago, egonaldia hiru asteburutik bi asteburutara murriztuz.
Joan den zapatuan hasi ziren, beraz, barrakak martxan, eta irailaren 8a izango dute azken eguna.
Bestalde, AFADEk barraketako 175 sarrera helarazi dizkio Lekeitioko Udalari, eta San Antolin jaietako programan dauden umeen ekintzetan parte hartzen duten umeen artean banatuko dituzte.
Udalak jakitera eman duenez, gainera, irailaren 6an, goizez, barrakak doan izango dira, eta irailaren 8an euro 1en trukean egongo dira eskuragai.