Aurrerako nagusiek garaipenagaz hasi dute denboraldi berria
Denboraldia etxetik kanpo lortutako garaipenagaz hasi du Aurrerako nagusien futbol taldeak. Joseba Plazaren mutilek 0-2 irabazi zuten domekan Getxoren aurkako norgehiagoka. Hain zuzen ere, Ander Olabarriak eta Luken Iturrinok egindako golei esker lortu...
Hirugarren mailako ligako estreinaldian zelairatu eta gutxira lortu zuten Plazaren mutilek lehen gola; Getxoko atzelarien akats baten ostean, gola egin zuen Ander Olabarriak, 2. minutuan.
Partida hasieratik aurrean ibili ziren ondarrutarrak, eta euren jokoa egiteko aukera izan zuten lehen unetik, aurkariak erraz mendean hartuz. Era berean, Getxok zailtasun asko izan zituen ondarrutarren areara ailegatzeko orduan, eta Aurrerak lasai jokatzeko aukera eduki zuen.
29. minutuan Luken Iturrinok buruz sartu zuen bigarren gola, eta horrek lasaitua eman zion talde gorri-urdinari. Aurrerak kontrolpean hartu zuen jokoa, eta gol aukera bat edo beste izan bazituzten ere, 0-2 markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Aukera gutxiago
Bigarren zatian ere nagusi izan ziren ondarrutarrak, eta getxoztarren erritmoa bizitu eta aurrerago jokatzen hasi baziren ere, ezin izan zuten aukera askorik sortu. Aurrerak, ostera, hainbat gol aukera sortu zituen, baina ez zuen beste golik sartzeko aukerarik eduki.
Domekako garaipenaren ostean, sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago talde ondarrutarra, Alaves Bren eta Soduperen atzetik. Hurrengo jardu- naldiari dagokionez, liderraren aurka jokatuko dute zapatuan, 17:00etan, Zaldupe zelaian. Zuzendaritza taldeko ordezkariek zale guztiak bertara gonbidatu dituzte. «Etxeko lehen partida izango da, eta momentu honetan sailkapeneko gorenean dagoen taldearen aurka jokatuko dute gure mutilek».
Getxoko Fadura futbol zelaira, esate baterako, hainbat zale gerturatu ziren, eta «pozik eta txaloka» agurtu zuten taldea.