Okak izango du protagonismo berezia aurten Errenteriaa auzoko San Bartolome jaietan. Urteekin ohitura bilakatu diren uretako jokoetan ez ezik, Oka ibaira sarriago hurbilduko dira aurten errenteriarrak.
Festak antolatzeko laguntza eskatu zuten iaz, eta jai batzordea indartzeko ahalegin berezia egin dute. Indar metaketak emaitzak ekarri ditu, eta jaietako egitarauan ere badu islada. Jai batzordean parte hartzeko erabakia hartu zuen Lander Auzokoak. Azaldu duenez, estropadak eta piragua zeharkaldia egingo dituzte aurten, Errenteriako jaietan.
Erreka behar beste aprobetxatzen ez zutelaren ustea dute jai batzordeko kideek, eta egitarauan jarduera berriak gehitu dituzte aurten.
Estropadak errekan
Abuztaren 20an egingo dute kukaina, eta egun berean izango da Laidatik Errenterirainoko lehenengo piragua zeharkaldia. Kanpotik datozenentzako aparkalekua egokituko dute, eta jai batzordeko kideak arduratuko dira piraguak Laidara eramaten. «Hori bai, gehienez 50 piragua garraiatzeko lekua dugu. Beraz, izena ematea komeni da, emailez edo Facebookeko orrian», azaldu du Auzokoak.
Nork bere piragua Laidara eramaterik badu, edo Laidan alokatuko badu ez du izenik eman beharrik. Zeharkaldia taldean egingo dute, «Muruetaraino gutxienez» –dio Auzokoak–; «handik Errenteriara nork bere erritmoa eramango du». Piraguen etorrera kukainarekin bat egitea da jai batzordeko kideen helburua.
Estropadak, berriz, domekaz egingo dituzte, abuztuaren 21ean. Elantxobe Arraun Elkartearen laguntzarekin, batelen estropadak egingo dituzte errekan; hori ere, lehenengoz antolatu dute Errenteriako jaietan. «Ume eta gazteen mailak lehiatzea da asmoa, eta lau klub batu gura ditugu», esan du.
Batelek ikusmina sortuko dutela uste du Auzokoak, «jendea erakarriko dutela uste dugu, eta arrakastarik badu datozen urteetan ere antolatzen jarraitzea da asmoa».
Berritasun gehiago
Uretan ez ezik, lehorrean ere izango da festa giroa Gernika-Lumoko auzo horretan. Andra Mari eta San Roke festak amaituta, eta atsedenik hartzeko betarik gabe, abuztuaren 19an zegaz gozatu izango dute Errenteriako bizilagunek, mus txapelketarekin eta tabernek eskainiko duten txistorra janarekin. Ostalarien parte hartzea ere izan dute festak antolatzeko, eta, aurten, azpimarratzekoa da pintxopotea egingo dutela San Bartolome egunaren bezperan.
Bestelako berritasunik ere badu aurtengo programak: Bikote lasterketa. Lehiatzeko asmorik barik, binaka zirkuitu bat burutu behar izango dute izena ematen dutenek. «Bi, lau edo sei kilometroko zirkuitua egin dezakete parte hartzaileek, eta momentuaan bertan ere erabaki dezakete zein aukeratu», aipatu du ?Auzokoak. Bi pertsona, elkarri lotuta, antolatzaileen aginduei jarraituta egin beharko dute ibilbidea. Nagusien proba amaitutaa, umeek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Ohiturei eutsiz
Dagoeneko Errenterian ohikoa den tortilla txapelketa ere ez da faltako San Bartolome festetan, abuztuaren 21ean. Eta Elai-Alai dantzari taldearen erregelak eta dantza saioa ere egongo dira santuaren egunean, abuztuaren 24an. Egun horretan, San Bartolome Txirrindulari Sari Nagusia jokatuko dute, gainera.
Jaietan, gainera, leku berezia izaten du musikak. Aurten, Urdaibai Kantagunea izango da berriro, auzoko kaleak alaitzen. Eta Gernika-Lumoko Tukatukada batukada taldea ere gonbidatu dute festetara.
Gaueko kontzertuak ere egongo dira San Bartolome jaietan. Fetitxe, Etorkizun Beltza eta Patx&Run taldeak izango dira aurten oholtza gainean, abuztuaren 20an. Gaua girotzeko musikarik ez da faltako abuztuaren 21ean ere, eta Jokaldi taldearekin, erromerian dantza egiteko aukera izango dute errenteriarrek abuztuaren 24an.