Zaletasunak indar handia dauka. Eta zaletasun askok sortu izan dituzte gaur egun txapelketa ofizialak direnak, bai eta kirol modalitate ezberdinei ofizialtasuna eman ere. Gernika-Lumon ere, zaletasunak profesionaltasunerantz bideratu du txapelketa bat:
Goitibehera lasterketa.

Urteak dira
Arrano elkarteko kideak goitibehera lasterketa antolatzen hasi zirena. Eta urtez urte, lasterketa Andra Mari jaietan falta ezin den hitzordu garrantzitsu bihurtu da. Hain garrantzitsua da ze, lehen jai giroko jolas bat zena,
kirol bat gehiago izatera pasatu dela orain, bere federazio eta guzti. Gainera, Euskal Herriko Inertzia Kirol Federazioa sortu eta gero, Gernika-Lumoko lasterketa
Euskal Ligako zirkuituan sartu zuten. «Urteak atzera lasterketa soil bat zen, eta nahiz eta arrakasta eduki, gauzak beste modu batera egiten ziren. Orain baina, segurtasun neurriak errespetatuz eta faktore asko kontuan hartuz egiten da lasterketa», azaldu du Jon Jauregi Trokan Behera taldeko kideak. Hain zuzen ere, Trokan Behera taldea ere orain federazioko kide da. Eta Gernika-Lumoko lasterketaren antolakuntzan sartu dira aurten. «Lasterketa egin ahal izateko gauzak nola lotzen diren ikasten ari gara». Ibilbidea eta abiadura Gernika-Lumoko lasterketa, gainera, Euskal Herri mailan dagoen lasterketarik politenetakoa dela diote adituek. «Ibilbideagatik eta abiaduragatik esaten dute hori».
Izan ere, Jauregiren esanetan, Euskal Herrian egiten diren lasterketetan badaude abiadura handia hartzeko aukera ematen duten lasterketak, «baina oso tarte laburrak edukitzen dituzte». Gernika-Lumon, ostera, tarte luzean abiadura handia hartzeko aukera dagoela dio. Eta ezaugarri horiekin guztiekin, urtez urte, eginez eta ekinez, lasterketa entzutetsua bihurtu da.
Lehen herri lasterketa bat modura zen. Goitibehera gainean jarri eta beherantza abiatu. Orain, ostera, segurtasuna bermatzeko neurriak ezinbestean hartu behar ditugu”
Aurtengoa 37. lasterketa izango da, eta beste behin Andra Mari egunean egingo da, arratsaldez. «Kantabria eta Asturiasetik ere etortzen dira parte hartzera; aurten ere etorriko dira». Dena dela, garai bateko lasterketekin alderatuta, azken urteetan gauzak asko zaintzen direla ere argi utzi du. «Lehen herri lasterketa bat modura zen. Goitibehera gainean jarri eta beherantza abiatu. Orain, ostera, segurtasuna bermatzeko neurriak ezinbestean hartu behar ditugu. Segurua da, oso». Jauregik dio askok esaten dutela goitibehera «zoroen kirola» dela. «Baina gaur egun ez da lehen bezala. Gaur egun ez da arriskutsua». Parte hartzeko aukera Iaz, esaterako, inolako ezbeharrik ez zela gertatu eta, aseguru etxekoek antolatzaileak zoriondu nahi izan zituztela gaineratu du. Parte hartzeari dagokionez, iaz, esaterako 51 parte hartzaile egon ziren lasterketan. Eta aurten ere beste horrenbeste espero dituzte.
Umeentzako ere
Dena dela, izen ematea zabalik dago eta lasterketa egin baino hiru egun lehenagora arte horretarako aukera egongo dela azaldu du Jauregik. «Federatuta daudenak eta ez daudenek parte hartu ahal dute. Izan ere, batzuk, federatuta egon ez arren, egun bateko asegurua egiten dute parte hartu ahal izateko». Aurten, gainera, Trokan Behera taldekoko kideek goitibeheren mundua herritarrei gerturatzeko ekintza egingo dute lasterketa egunean bertan. «Gure babesleak dira Arima, Ospa eta Lagun Etxea tabernak eta euren aurrean, Juan Calzada kalean egingo dugu umeentzako tailerra, goizean».
Nahi duguna da gurasoek euren seme-alabei erakustea zelan jolasten zuten txikiak zirenean”
Ekintzagaz, goitibeherenganako zaletasuna bultzatu nahi dute taldeko kideek. «Nahi duguna da gurasoek euren seme-alabei erakustea zelan jolasten zuten txikiak zirenean; mundu horretan sartzera animatzea». Horrez gain, hara gerturatzen direnei goitibehera tradizional bat nola eraiki ahal den ere irakatsiko diete Trokan Beherakoek. Goitibehera nola egin ikasteaz gain, aldapatxo bat ere ipiniko dute eta herriko txikienek kirol modalitate hori probatu ere egin ahalko dute. Hilaren 15ean, beraz, goizez zein arratsaldez, gurpil gainean jarri eta abiadura atsegin dutenentzako hitzordua dago Gernika-Lumon.