Jaietako zinegotzia da Iñigo Magunagoikoetxea (Gernika-Lumo, 1980). Herriko festen arduraduna da udalean, eta kargu horretan bigarren festak ditu oraingoak.
San Lorentzoak, Andra Mari eta San Rokeak, San Bartolome jaiak… Abuztu osoa festa giroan emango dute gernikarrek.
Hala da bai. Jaietako programa abuztuaren 5ean hasiko da, zesta punta partiduekin. Amaiera festei, aurten, San Bartolome jaiak baino beranduago emango diegu; abuztuaren 27an, futbol partida batekin. Emakumeen Euskal Herriko Kopako finala jokatuko da egun horretan, Gernika-Lumon, lehenengoz. Emakumeen kirola bultzatzea erronka pertsonal legez hartu dugu, eta azkenean finala (Athletic-Erreala) Gernikan lehiatuko da.
Auzoetako festak aparte, abuztuaren 14tik 18ra egitarau zabala prestatu duzue aurten ere. Zein barritasun dakarte aurtengo jaiek?
Lehenengo aipatu jaiak abuztuaren 13an hasiko direla, zapatuz. Txosnen eta ostalarien eskaria aintzat hartu eta ahalegin ekonomikoa egin dugu Doctor Deseo bezalako talde bat ekartzeko. Bestalde, programa aurreko urteetako antzerakoa da. Herriko talde eta elkarteen parte hartzeagaz egiten dugu programa, eta hori holan izan behar dela uste dugu. Dena den, aipatuko nuke San Roke egunean casteller eta giza figura talde bat herritik zehar ibiliko dela, goizetik bazkalordurarte, eta jendearen gustukoa izango dela uste dugu.
Azkenik, esan, San Juan Ibarrara bilbainadak eta mariachiak ekarriko ditugula, baina berritasun modura Dj bat ere ekarriko dugu. Oihan Vega izango da musika jartzen, eta gazte zein heldu-nagusiengana heltzen da. Pasealekuko eskaintza kontsumitzen ez duen jende horrentzat izan daiteke.
Zinegotzi legez, zer nabarmenduko zenuke?
Urtean zehar, auzo eta santu ezberdinekin Gernikak dituen festa guztiak eta askotarikoak. Horrez gain, jai batzordean kultur taldeek duten parte hartze aktiboa azpimarratuko nuke; programaren ehuneko handi bat hartzen dute, eta sekulako lana egiten dute. Jaiak antolatzen urtarrilean hasten gara, eta edozein herritarrek ere parte har dezake, bere ekarpenak eginez.
Gaudeamusek urre olinpikoa eta Segundo Olaetak 25 urte. Euren ahotik entzungo dugu pregoia.
Bai, eta erabat merezita dute. Urtean zehar Segundo Olaetak ekimen ezberdinak egin ditu urteurrenaren harira, eta urtero ere hainbat ekitaldi egiten dituzte. Beraz, jai batzordeak ondo ikusi du pregoia botatzeko aukera beraiek izatea. Azken orduan jakin dugu Gaudeamusek hiru domina eskuratu dituela Munduko Abesbatzen Olinpiadetan; tartean urre olinpikoa. Hori dela eta, merezimendua badute eta aurten pregoia herriko musika eskola biek irakurtzea pentsatu genuen.
Asunek talde feministak ere sexu erasoak ekiditeko protokoloa landu du. Zein da udalaren mezua herritar denek jaekin gozatu dezaten?
Lehenengo eta behin, esan oso ondo ikusten dugula Asunek talde feministak egin duen lana. Gurekin harremanetan jarri dira eta protokoloa jaietako programan sartu dugu. Gaur egun gizarteak duen arazo larrienetakoa izan daiteke sexu erasoena eta, gure aldetik, eskatu duten laguntza eskaini diegu. Espero dugu protokoloa aktibatu beharrik ez izatea. Mezua argia da: jaietan jai, eta sexuen arteko errespetua beti.
Errenteriko festei dagokienez, jai batzordea indartzea izan duzu erronka. Herritarren laguntzarekin, egitarau osotuagoa dute San Bartolome jaiek.
Hala da, eta eskerrak eman behar diet orain arte jaiak prestatzen ibili diren Errenteriko lau-sei pertsonari. Iaz, jaien ostean, laguntza eskatu zuten eta jai batzordea indartzeko hiru deialdi egin genituen. Talde heterogeneoa sortzea lortu dugu, eta esperientzia horretatik ikasi dugu.
Programari dagokionez, ibaiari garrantzia ematea lortu dugu. Hiribildua sortu zela 650 urte bete direnean, entzun dugu aintzina Gernikak portua zuela. Hortik datoz uretako ekimenak. Kukaña mantenduta, batelen estropadak eta piragua zeharkaldia egingo ditugu aurten. Berritasun modura , baita, aipatu pintxopotea eta bikote lasterketa.
Gomendio edo aholkurik?
Jaietan ondo pasatzeko, eta herrira hurbiltzeko esan nahi diot jendeari. Era berean, espero dugu erasoen edo gertakari txarren berririk eman behar ez izatea. Titular positiboak nahi ditugu.