Itsas zeharkaldia lehiatuko dute Ean, lehenengoz, hilaren 30ean
Txipiroi Swim-I. Eako Kaiarria itsas zeharkaldian 100 igerilarik parte hartuko dute. Neopreno barik igeri egiten duten partaideak bakarrik sarituko dituzteTxipiroi Swim-I. Eako Kaiarria itsas zeharkaldia lehiatuko dute datorren astean, hilaren 30ean za...
Txipiroi Swim-I. Eako Kaiarria itsas zeharkaldian 100 igerilarik parte hartuko dute. Neopreno barik igeri egiten duten partaideak bakarrik sarituko dituzte
Txipiroi Swim-I. Eako Kaiarria itsas zeharkaldia lehiatuko dute datorren astean, hilaren 30ean zapatua.11:00etan hasita, 2.500-2.700 metro arteko proba burutuko dute. Eako moilan hasi eta amaituko dute itsas zeharkaldia; handik Kaiarria irlarainoko joan-etorria egingo dute.
100 parte hartzailetan ipini zuten muga, eta hiru astean bete dela jakitera eman dute Bira Birra Kirol Klubeko kideek.
Neoprenoagaz edo neopreno barik parte hartu daiteke itsas zeharkaldian, baina neopreno barik parte hartzen duten igerilariek bakarrik lehiatuko dute proba.
Emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak.
Era berean, kategoria bietan lehenengo amaitzen duten eatarrak ere sarituko dituzte.
Lehenengoz egingo dute itsas zeharkaldia, eta urtero antolatzea da asmoa. «Itsas zeharkaldietan parte hartzen dugu klubeko kideok, esaterako, Mundakakoan eta Lekeitiokoan, eta gurean ere halako proba egitea erabaki genuen. Lehenengo urtea denez, 100 parte hartzailetan jarri dugu muga, baina datorren urterako parte hartze kopurua handituko dugu seguruenik».
Bira Birra Kirol Klubeko kideek azaldu dutenez, itsas zeharkaldia antolatzeko Mundakako eta Lekeitioko proben antolatzaileekin batu ziren haien esperientziak gertutik ezagutu eta haien aholkuak jasotzeko.
Eatarren laguntza
Proba antolatzeko izan duten laguntza nabarmendu dute antolatzaileek: «Udalaren laguntzagaz batera, herritar asko ariko dira boluntario moduan, eta herriko tabernen laguntza ere badugu. Halaber, Sokaire Kayak eta Sup taldeko kideek uretarako materiala utzi digute, piraguak eta paddle surfeko materiala».
Parte hartze kopurua hain azkar bete izana poztekoa dela diote, eta parte hartzaileen artean beste itsas zeharkaldietako irabazleak eta igerilari profesional ezagunak daudela azpimarratu dute.