Urdaibaiko Organoen zikloak instrumentu horien balioa azaleratuko du
Aurten bederatzi emanaldi egongo dira, uztaila eta abuztua bitartean. Nazioarteko musikagileen eta Gurutze Beitia aktorearen parte hartzea ere izango du aurtengo zikloakZapatuan hasiko da Urdaibaiko Organoak, Joxe Mari Egileor kontzertuen XIII. zikloa....
Aurten bederatzi emanaldi egongo dira, uztaila eta abuztua bitartean. Nazioarteko musikagileen eta Gurutze Beitia aktorearen parte hartzea ere izango du aurtengo zikloak
Zapatuan hasiko da Urdaibaiko Organoak, Joxe Mari Egileor kontzertuen XIII. zikloa. Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako elizetan egingo diren bederatzi kontzertuetan nazioarteko musikagileak ez ezik, Gurutze Beitia aktoreak ere parte hartuko du, emanaldi berezi bat emanez.Atzo Euskal Herria Museoan egin zuten aurkezpenean, Joxe Benantzi Bilbao musikaria, Gurutze Beitia aktorea, Jose Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatea eta Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkatea egon ziren. Partaide diren udalek sustatzen duten ekimen horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta BBKren laguntzagaz antolatu dute zikloa.
Antolatzaileek aurtengo nazioarteko izaera nabarmendu nahi izan dute. Besteak beste, Oude Kerk eta Hermitage Amsterdam museoko organista titular Matteo Imbruno eta Conciertos de Santa Maria del Passo Nazioarteko Organo lehiaketaren zuzendari artistiko Margherita Sccidurlok parte hartuko dute.
Aurtengo berezitasun legez, Gurutze Beitia aktoreak Felix Lope de la Vegaren maitasunezko Ojos ciegos y turbados bakarrizketa errezitatuko du, Gernika-Lumon, Josep Berenguer tenorearen eta Benantzi Bilbao organistaren doinuez lagunduta.
Balio kulturala
«Organo hauek bizirik mantendu beharreko balio historiko eta kulturalak dira, baina, zoritxarrez, asko mutu daude jada», azaldu du Joxe Benantzi Bilbao musikari mundakarrak eta ekitaldiaren zuzendariak. Kasu askotan herriak erositako instrumentuak direla ere adierazi eta gaur egun horrelako instrumentu bat egiteak gutxienez 500.000 euro balioko lituzkeela nabarmendu du. «Ondasun oso berezia da, mendeetan instrumentu hauek izan duten eboluzioa ikusi daitekeelako».
Izan ere, zikloak balio kultural eta liturgiko handia duten eskualdeko organoen garrantzia azaleratzeko helburua dauka. Ereñoko Mikel Deunaren Roques organoa, Ibarrangeluko elizako Alberdi organoa eta Muxikako San Bizente Martiriaren organoa (1760) Euskadiko zaha- rrenetarikoa nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Urdaibaiko Organoak zikloetan bakarrik erabiltzen dira instrumentu horietako asko. Herriek eta parrokiek zaintzen dituzte urte osoan, ahalegin han- dia eginez. Instrumentu horien balioa azaleratuz, haien berreskurapena eta mantentzea ere bilatuko du zikloak.