Pintura lehiaketa egingo dute Elantxoben, abuztuaren 6an
Kanpoko pintura lehiaketa egingo dute abuztuaren 6an, Elantxoben. Artista afizionatu zein profesionalek parte hartu dezakete. Gaia librea izango da, eta baita teknikak zein formatua ere. Baina euskarria zurruna eta 40 eta 80 zentimetro artekoa izatea j...
Parte hartzaileek goizean hasi eta arratsaldera arte dute haien artelanak sortzeko aukera.
Izan ere, partaideek 08:00etatik 10:00etara erabiliko dituzten euskarriak aurkeztu beharko dituzte Gorgonio Renteria kultur etxean. Bertan zigilatu ostean hasi ahalko dira margotzen.
Gero, 17:30etik 18:00etara bitartean, kultur etxera eraman beharko dituzte lanak. Artelanagaz batera, parte hartzaileen datuen gutun-azala ere utzi beharko dute.
18:30ak inguruan argituko dute zeinek irabazi duen. 500 euro jasoko ditu irabazleak, 300 euro bigarren sailkatuak, eta 200 euro hirugarrenak.
Elantxobeko Udaleko Kultura Saileko eta Jai Batzordeko bost kidek osatuko dute epaimahaia.
Lehiaketara aurkeztutako lanen artean hautaketa bat egin, eta abuztuaren 6tik 21era jarriko dituzte ikusgai, Gorgonio Renteria kultur etxean.
Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko telefono zenbaki honetara deitu daiteke: 94-627 77 02. Era berean, helbide elektroniko honetara mezu bat idatzi ahal da: idazkaritza.elantxobe@bizkaia.org.
«Lehiaketaren helburua artearen bitartez, Elantxobeko ohitura, ingurune, paisaiak eta pertsonekin erlazionatutako alderdiak zabaltzea da», esan du Jesus Maria Bilbao Kultur, Gaztetasun eta Kirol zinegotziak.
Elantxobek artea, kultura eta herriaren hedapena «sustatzeko» kanpoko ekintzak antolatzeko aukera «paregabea» eskaintzen duela nabarmendu du, eta halako ekintzek herriko txokoen edertasunaz «ohartarazten» dutela.
Galerna eta Itsasoa
Bestalde, egun horretan Isabel Leteren Galerna eta Itsasoa (La Galerna y la Mar) eleberriaren aurkezpena egingo dute, kultur etxean. Liburuan 1912. urteko galerna gainditu zuten emakumeak omentzen ditu egileak.