Ontzietako jabeei eskatu diete bihar segurtasun neurriak errespetatzeko
Bermeoko alkateak 2013ko apirileko sutean kaltetutako udaletxearen teila bat jaurtiko du bihar, Madalen Egunean, «haren egoera nabarmentzeko»Madalen Eguna ospatuko dute bihar Bermeon, Mundakan eta Elantxoben. Bermeoko Udalak eta Herri Babesak egun ho...
Bermeoko alkateak 2013ko apirileko sutean kaltetutako udaletxearen teila bat jaurtiko du bihar, Madalen Egunean, «haren egoera nabarmentzeko»
Madalen Eguna ospatuko dute bihar Bermeon, Mundakan eta Elantxoben. Bermeoko Udalak eta Herri Babesak egun horretan Bermeotik aterako den itsas prozesioan parte hartzeko asmoa duten ontziei 62/2008 Errege Dekretuan jasotzen diren segurtasun neurriak errespetatzeko eskatzen die.Jakinarazi dutenez, lau metroko luzera baino gutxiagoko ontziek ezin izango dute itsas prozesioan parte hartu, ez eta sei metro baino gutxiagoko itsasontzi pneumatikoek edo ur motoek, segurtasun taldekoak direnak izan ezik.
Horrez gain, itsasontzietako jarleku kopurua errespetatzea eskatu dute, eta, gutxienez, ontzian dagoen pertsona bakoitzeko salbamendu-jaka bana izan behar dutela gogorarazi dute. Era berean, Izaro uhartearen inguruan, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontzietako jabeei ontzien arteko distantzia errespetatzea eskatu die.
Itsasontziek, gainera, aseguruak eguneratuta, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta eroan beharko dituzte.
Beste alde batetik, ontziak VHF 73 kanalera konektatuta egon beharko dute, koordinatzailearen argibideak jarraitu ahal izateko.
Teila «berezia»
Atzo jakitera eman zuten alkateak bihar itsasora jaurtiko duen teila nongoa izango den. «Berezia» dela adierazi du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek; hain zuzen ere, Alde Zaharreko sutean kaltetutako Bermeoko udaletxearen teila bat izango da botako dutena.
2013. urteko suteak kaltetutako Bermeoko udaletxea 1733. urtean eraiki zen, eta babes berezia daukan kultura-ondare modura katalogatuta dago.
Horregatik, eraikin hori berreraikitzea «ezinbestekoa» dela berretsi du Bidegurenek: «Udaletxeko teila bat jaurtitzea pentsatu dugu, udaletxearen egoera zein den nabarmentzeko eta berreraikitzeko daukan beharra azpimarratzeko».