Mendeurrena ospatzeko jarduerekin jarraitzen dute Santimamiñeko koban
Egun osoko jardunaldia antolatu dute zapaturako, zinema emanaldi eta bisita gidatuekin. Domekan, umeei zuzenduriko musika tresnen birziklapenari buruzko tailer bat egongo daKortezubiko Santimamiñe kobako labar-pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena ...
Egun osoko jardunaldia antolatu dute zapaturako, zinema emanaldi eta bisita gidatuekin. Domekan, umeei zuzenduriko musika tresnen birziklapenari buruzko tailer bat egongo da
Kortezubiko Santimamiñe kobako labar-pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ekimen antolatu ditu urrira bitartean. Hala, uztailaren 23an egun osoko jardunaldia egingo dute, 100 urte Santimamiñeko ondareaz gozatzen izenburupean.Besteak beste, bisita gidatuak, zinema emanaldiak, historiaurreko musika eta haurrentzako ekintzak egongo dira aukeran.
Bi filmen proiekzioagaz hasiko da jardunaldia. Historiaurrera bidaia emango dute lehenengo. Santimamiñeko aztarnategitik jasotako giza fosiletako DNA mitokondriala Kortezubiko bizilagunen DNAgaz alderatuz, inguruko Historiaurreko populazioaren eta egungoaren arteko loturak bilatu eta horren berri ematen du dokumentalak. Begoña Zubiak zuzendutako film hori Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan aurkeztu zuten, eta EHUren ikerketa proiektu bat erakusten du.
Bigarren filma Haitzuloetako artea Paleolitikoko arteari buruzkoa da. Helduek filmak ikusten dituzten bitartean, haurrak Kobaren bila ibiliko dira, arrastoen joko baten bitartez Santimamiñeko kobaren sekretuak ezagutzeko. Ekintza biak 12:00etan hasiko dira.
Hondarretatik birsortuak
20:00etan, Mikel Agirre Ruiz de Gopegi arkeologoak Historiaurrean sua pizteko erabiltzen zituzten teknikak erakutsiko ditu. 21:30ean, Mixel Etxekopar musikariak Aspaldian ikuskizuna eskainiko du kobaren atarian. Historiaurreko musika tresnak joko ditu Etxekoparek, indusketa arkeologikoetan aurkitutako hondarretatik birsortu dituzten xirula eta ttunttunak.
Uztailaren 24an domeka, 12:00etan hasita, musika tresna birziklapenari buruzko tailerra egingo dute umeentzat. Jesus Guridi musikagileak gidatuko du tailer hori.
Aurten burutzen ari diren ekintzen bitartez, aldundiak Santimamiñeko kobaren balio historikoa nabarmendu nahi izan du, herrialdeko ondarearen garrantzia herritarrei erakutsiz. «Santimamiñe Euskal Herriko arkeologiaren erreferentziazko aztarnategi paleolitikoa izan da. Gure memoria kolektiboan sakontzen garamatzan jakintzaren sorrera sustatu du», nabarmendu du Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbaok.