Jaiaz haratago, aldarrikapen eguna izango da aurtengo Gernika-Lumoko Gazte Eguna. Antolatzeko gai direla erakutsiko dute gazteek, kalea bereganatuz eta batasunak indarra ematen duela erakutsiz.
Abuztuaren 6an, Gernika-Lumoko Gazte Eguna ospatuko dute, bazkaria, jolasak eta kontzertuak hartuko dituen egitarauagaz.
Jaieguna bi helburugaz antolatu dutela adierazi dute gazteek: alde batetik, herriko gazte eragileak batzea, haien arteko harremana sendotzeko, eta bestetik, kanpora begira gazte mugimenduaren batasuna eta indarra adierazteko. «Gure azken helburua da gazteak batzea; elkarregaz gauzak egitea, eta gure kabuz zer egiteko gai garen erakustea», adierazi dute antolaketa lanetan dabiltzan gazte gernikarrek.
Beraientzat ez da bakarrik kanpora begira egiten duten jaiegun bat; Ernaik, Gazte Asanbladak eta Gernikako Ikasleen Asanbladak barrura begira antolatu duten ekintza ere badela diote: «Urteko puntu bat da, zeinetan gazte asko mugitzen diren antolakuntzari begira, zer edo zer zehatza egiteko». Urtean egiten dituzten dinamiketan parte hartzeko pizgarri bat ere badela diote, gazteak elkarlanean jarri eta harreman sortzeko aukera ematen duen ekintza bat da eta.
Gazte Eguna antolatzeko 40 bat gazte ari dira mugitzen, lan talde ezberdinetan antolatuta, ekintzak antolatzen eta dena prestatzen; «norbanakoaren inplikazioaren bitartez, Gazte Eguna modu kolektiboan ateratzen dugu», azpimarratu dute.

Gazteak 2014ko Gazte Egunean, bertsolarien zain. Egurre
Egun osoko egitaraua
Eguneko lehenengo ekimena 11:00etan hasiko da: ginkana. Aurreko urteetan ere olinpiadak eta kuadrillen arteko jolasak antolatu izan dituzte udan, eta aurten ere antzeko zerbait egin nahi izan dute, «kuadrillen arteko lehiaketa baten bitartez, harremana indartzeko asmoz». Ginkana herriko kaleetatik zehar egingo da, lonjetatik kanpo, gazteek kaleak ere bereganatu ditzaketela adierazteko.
Horren harira, ekintza guztiak Pasealekuan egingo dituzte, betidanik herriko gazteena izan den espazioa bereganatzeko helburuagaz. Lonjen eta beste arrazoi batzuen ondorioz, gune hori bertan behera utzita dagoela eta berreskuratzea erabaki dutela diote, eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz. «Gazteontzako erreferentziazko gune bat izan da beti».
Bazkarian bilduta
15:00etan, bazkaria egingo dute, Pasealekuan. Baina bazkaltzeko ordua heldu bitartean, trikipoteoa egingo dute, Juan Calzada kaleko tabernetatik.
Bazkarian izena emateko, Ospa, Arrano eta Aterpe tabernetan daude salgai bertaratzen direnek eraman beharko dituzten zapi urdinak. Ohikoak diren txartelak erabili beharrean, zapi urdinak erabiltzea erabaki dutela azaldu dute gazteek, herriko jaiak hurbil direla aprobetxatuz.
Bazkalostean, Lilibertsoko kideek
Bertsoguda eskainiko dute. «Bertso saio batetik haratago, zerbait dibertigarria bezala planteatu dugu, bertsoez gain abestiak ere edukiko dituen ekintza batekin».
Iluntzean, bi gune bereiztuko dituzte kontzertuetarako. Pasealekuko arkupean, Backbone rock taldearen emanaldia egongo da, eta haien ostean, Urrats taldearen erromeriak alaituko du gaua.
Beste aukera musikal bat eskaintzeko asmoz, Pasealeku ondoko auditorioan beste gune bat gehituko dute, Phonix eta Delirius herriko DJ gazteek beraien musika elektronikoa eskain dezaten. «Herriko musika taldeen aldeko apustua egitea beharrezkoa dela uste dugu, eta herriko talde gazteen presentzia bermatzea, beraz, haiei aukera ematea derrigorrezkoa iruditzen zitzaigun».