Paula Laia da txef onena
Basafruituen saltsagaz lagundutako solomilloa prestatu du bermeotarrak Txiki Txef lehiaketaren finalean. Azpitxapelduna Iban Iriarte izan da, eta hirugarrena, ostera, Azahara HafZapatu goizean jokatu zuten Bermeon, Txiki Txef lehiaketaren finala. Beraz...
Basafruituen saltsagaz lagundutako solomilloa prestatu du bermeotarrak Txiki Txef lehiaketaren finalean. Azpitxapelduna Iban Iriarte izan da, eta hirugarrena, ostera, Azahara Haf
Zapatu goizean jokatu zuten Bermeon, Txiki Txef lehiaketaren finala. Berazel elkarteak antolatuta, hilaren 9an sailkatu ziren hamar sukaldari txikiek beren platerak prestatu zituzten. Bermeoko merkatuan erosketak egin, eta su artean jakiak prestatu zituzten. Denen artean gozoena, Paula Laiak egindakoa izan zen epaimahaikideen arabera.4 urtetik 11 urtera bitarteko ume eta gazteak egon ziren zapatuko finalean, eta maila oso altua utzi dutela aipatu zuten epaimahaikideek. Xabier Bilbao izan zen hiruetako bat, eta azaldu zuenez, egin zituzten plater guztiak puntuatzea zaila izan zuten. «Maila oso goian utzi dute datorren urterako».
Bermeoko umeak izan ziren, gehienbat, finalean egon zirenak; baina Bilbotik eta Munitibarretik heldutako parte hartzaile bana ere egon ziren, eta hurrengo lehiaketarako pertsona gehiago animatzea espero dute antolatzaileek.
Ez zuen irabazterik espero
24 umek parte hartu zuten uztailaren 9ko Txiki Txef lehiaketaren hautaketan. Horietatik, hamar sailkatu ziren zapatuko finalerako: Gorane Martin, Mikel Sarrionandia, Mikel Zabaleta, Iban Iriarte, Azahara Haf, Julen Barturen, Ilargi Uriagereka, Paula Laia, Eider Ortuzar eta Nora Laia.
Denen artean, platerik gozoena prestatu zuen Paula Laiak. Hain zuzen, basafruituen saltsagaz lagundutako solomilloa aurkeztu zuen gazte bermeotarrak. Zaporean ondo egon dela eta okela punttuan egin duela azaldu zuen Bilbaok. Irabazterik ez zuela espero esan zuen Laiak, baina zapatuan aurkeztu zuen platera egiteko etxean prestaketa lanak egin dituela aitortu zuen. Laia pozik zegoen emaitzagaz.
Azpitxapeldun sailkatu zen Iban Iriarte, eta hirugarren Azahara Haf.
Berazel elkarteak antolatu du lehiaketa. Elkarteko arduradun Ainhoa Maguregik esan duenez, herriko jendea plazara joateko ohitura hartzea da beraien asmoa. Horretarako, hainbat ekimen antolatzen dituzte; Txiki Txef lehiaketa, kasurako. Merkatua «topagune» bihurtzea ere badute asmo, herriko produktuak sustatzeagaz eta betiko sukaldea zabaltzeagaz batera. Horretarako lagungarri izan dute Txiki Txef lehiaketa, eta izan duen erantzunagaz pozik daude.