Zazpi jardunaldi lehiatu dituzte TKE ligan, eta gaur gaurkoz 81 puntugaz sailkapen buru da Hondarribia.
Asteburuko bi estropadak irabazi dituzte hondarribitarrek, eta Urdaibai bigarren eta hirugarren sailkatu da.
Atzo Getxoko Estropaden XXXVIII. Ikurrina- JA Agirre Lehendakariaren XII. omenaldia nagusitasun osoz irabazi zuen Hondarribiak.
Estropadaren hasieran alde estua egon zen Hondarribiako eta Bermeoko taldeen artean; hiruzpalau segundoko aldea baino ez zuten, baina, minutuek aurrera egin ahala, aldea nabarmen handitu zen.
19 minutu, 40 segundo eta 28 ehunenetan amaitu zuen lehia irabazleak, eta Urdaibai harengandik 9 segundo eta 68 ehunenera heldu zen. Kaikugaz eta Astillerogaz batera osatu zuten Ohorezko txanda. Kaiku izan zen txandako hirugarrena, Hondarribiarengandik 20 segundo eta 86 ehunenera sailkatuta (estropadan seigarren sailkatu zen).
Urdaibairen atzetik Tiran geratu zen. Talde galiziarra izan zen bigarren txandako azkarrena (19.53.36). Halaber, beste talde galiziarra sailkatu zen laugarren. 19 minutu, 56 segundo eta 64 ehuneneko denbora eginda lehen txandako onena izan zen Cabo.
Bilbon hirugarren
Bestalde, VII Bilboko Bandera lehiatu zuten zapatu arratsaldean. 19 minutu, 29 segundo eta 32 ehuneneko marka lortu zuen Hondarribiak, eta haren atzetik, 8 segundo eta 66 ehuneneko aldeagaz sailkatu zen Kaiku.
Bermeotarrek, ostera, hondarribitarrek baino 13 segundo eta 18 ehunen gehiago behar izan zituzten estropada amaitzeko. Urdaibairen atzetik, Astillero sailkatu zen laugarren. Talde kantabriarra izan zen bigarren txandako azkarrena (19:42.94).
Urdaibaiko arraunlariak zapatuko Bilboko estropadan. Argazkia: San Migel liga.