KAE 2 ligan denboraldia hasi zutenetik bost estropada jokatu dituzte, eta guztiak irabazi ditu Oiartzunek.
21 minutu eta 13 ehuneneko denboragaz nagusitu zen atzo, Algortako Portuzaharra XIII. Ikurrinan. Bi segundo eskasera sailkatu zen Arkote, eta Hibaika eta Getxo hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Bertoko arraun taldeei dagokienez, Bermeo-Mundakak bosgarren amaitu zuen lehia, eta Elantxobe hamaikagarren postuan sailkatu zen.
21 minutu, 37 segundo eta 44 ehuneneko marka egin zuen Bermeo eta Mundakako taldeak. Elantxobeko taldeak, berriz, 21 minutu, 59 segundo eta 27 ehunenetan amaitu zuen estropada.
Bestalde, zapatuan Errenteriako Hiria IV. Ikurrina jokatu zuten, eta Bermeo-Mundaka hirugarren sailkatu zen, Oiartzun eta Arkoteren atzetik.
21 minutu, 6 segundo eta 92 ehunenean amaitu zuen lehia irabazleak, eta Oiartzunengandik 7 segundo eta 78 ehunenera sailkatu zen Arkote. Bermeo-Mundakak, berriz, 21 minutu, 46 segundo eta 90 ehuneneko denbora egin zuen.
Elantxobe bederatzigarren sailkatu zen, baina, Donostiarraren atzetik bere txandako bigarren denbora onena egitea lortu zuen: 22:32.60.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Asteburuko bi jardunaldien ostean, 70 puntugaz Oiartzun da sailkapen buru, eta zortzi puntu gutxiago ditu Arkote bigarrenak.
46 puntugaz Bermeo-Mundaka sailkapeneko seigarrena da, eta Elantxobe hamargarrena da, 26 puntugaz.
Hurrengo hitzordua Mundakan
Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko dute Busturialdeko taldeek. Zapatuan, Mundakan lehiatuko dira, 17:30etatik aurrera.
Biharamunean ere Bizkaian dute hitzordua. Domekan, 16:30ean hasiko da Sestaon bakarkako erlojupekoa.