Itziar Ariztimuño fitxatu du Gernika Bizkaiak
18 urteko jokalari gazte bilbotarra Loiola Indautxu taldetik dator. Talde bilbotarrean bakarrik jokatu du orain arte.
Antolatzaile postuan jokatzen du, eta Bizkaiko zein Euskal selekzioko jokalari finkoetako bat da. Bere ezaugarri fisikoei esker, jokoan oso azkarra da.
“Etapa berri honetan asko ikastea espero dut. Sekula ez dut maila honetan jokatu eta urduri egon arren, oso pozik nago hartu dudan erabakiagaz”, adierazi du Ariztimuñok.
Gerardo Candina klubeko presidenteak dohainak azpimarratu ditu: “Bizkaian nabarmentzen diren jokalariak Gernika Bizkaian jokatzea da gure helburuetako bat. Hobetzen joango dela uste dugu; intentsitate handiko jokalaria da, eta Emakumezkoen Ligan jokatzeko formakuntzan lagunduko diogu”. Era berean, gaztea izan arren, taldean erraz integratuko dela azaldu du: “Hau familia baten modukoa delako”.