Bariku iluntzean jokatu zuten Jai Alai frontoian, Jai Alai World Tourreko lehen Master Seriesaren finala, Iñaki Osa Goikoetxea eta Txabi Inzaren kontra.
15-12 amaitu zuten lehen set-a, eta bigarrenean, 15-7 nagusitu ziren. Lehen Master Series honen txapeldunek partida serioa, zuzena eta osatua burutu zuten.
Lehen Master Seriesaren txapeldunak. Argazkia: Jai Alai World Tour.
Aurrealdean Mikel Egiguren nagusi izan zen, eta Goikoetxea baino sasoi hobean dagoela erakutsi zuen donostiarrak. Defentsan zein errematean Goikoetxea baino finago ibili zen. Era berean, Nicolas Etchetok ere Inzak baino egun hobea eduki zuen. Azken horrek partida irregularra jokatu zuen, eta ez zuen bere maila erakutsi. Lesio larri batetik osatu berri den Etchetok momentuko atzelari onenetarikoa dela argi utzi zuen. Urte eta erdian bigarren partida izan zen barikukoa, eta partida bikaina jokatu zuen, oso akats gutxi eginda, eta atzean nagusituta.
Lehen set-ean 2-3-ko markagailuagaz partida berdindua izan zitekeela pentsatuko zuten askok, baina, 10-5 jarrita set-a ia erabakita utzi zuten Egigurenek eta Etchetok. Ia hutsik egin barik aritu ziren horiek, eta ondo elkar hartuta. Baina, aurkariak ez zeuden amore emateko prest, eta 13-11 hurbiltzea lortu zuten. Bestalde, Goikok eta Inzak bigarren set-eanegindako hutsak gogor ordaindu zituzten.
Bestalde, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere jokatu zuten barikuan. Olha eta Enbil sailkatu dira hirugarren lehen Master Seriesean. 15-9 eta 15-11 irabazi zieten Olharan eta Erkiaga II-ari.
Abuztuaren 12an final handia
Egigurenek eta Etchetok bigarren Master Seriesaren txapeldunen kontra jokatuko dute final handia, abuztuaren 12an.
Domeka honetan lehiatuko dituzte Jai Alai World Tourreko bigarren Master Seriesaren finalerdiak, 12:30ean hasita. Hormaetxea-Aldazabal, Barandika-Amigorena, Erik-Lekerika eta Beaskoetxea-Txasio bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.
Finalerdi horiek irabazten dituztenek hilaren 30ean (zapatua) jokatuko dute bigarren Master Seriesaren finala.
Argazkia: Jai Alai World Tour.