Beko Bentak irabazi du Berdeguneen VII. Lehiaketa
Joan den zapatuan banatu zituen Ekozain ekologia taldeak auzoetako berdegune onenen sariak. Beko Bentako lorategiak eraman zuen lehenengo saria, 400 eurokoa; bigarrena Azpikoerrotakoentzat izan zen, 300 eurokoa; eta hirugarrena Iderraga Etxano auzoaren...
Ekainaren erdian ibili zen sei lagunez osatutako epaimahaia auzorik auzo berdeguneak begiratzen, eta orokorrean garbiak daudela ikusi dute.
Markina-Xemeingo Udalaren ordezkari batek, Ekozain ekologia taldeko kide batek eta lau herritarrek osatu dute aurten, epaimahaia, eta azaldu dutenez, era askotako arbolak eta landarak aurkitu dituzte herriko auzoetako lorategietan. «Zuhaitzen artean fruita arbolak ikusi ditugu: gereziondoak, intxaurrondoak eta urretxak, madariondoa, izei urdina, gorostia, mertxikondoa, limoiondo eta laranjondoa».
Lorei dagokienez, auzo zaharretan betiko loreak dituztela gehiago nabaritu dute, eta auzotarrek eurak landatutakoak izaten direla aitatu dute. «Geranioak, aingeru lorak, krabelinak, kalak, surfiniak, baltsaminak eta txilintxak dituzte lorategiak apaintzeko. Landara crasak ipini dituzte auzo batean, esate baterako».
Bestalde, auzo txiki eta auzo handien arteko lehian sortu daitezkeen zailtasunak eragozteko sari bereziak egotea proposatu dute. «Bertan landutako landareak izateagatik, txoko txiki, baina polita edukitzeagatik edo xarma duen auzoa izateagatik sariak eman daitezke».