Goñi eta Frutos nagusi, Eako Txipiroi mendi trail lasterketan
74 korrikalarik lehiatu dute mendi trail lasterketa. Bestalde, BTT martxan 147 txirrindularik parte hartu dute, eta Julen Zubero lemoarra izan da azkarrenaImanol Goñi izan zen azkarrena Txipiroi mendi trail lasterketan zapatuan, Ean. Natxituarrak ord...
74 korrikalarik lehiatu dute mendi trail lasterketa. Bestalde, BTT martxan 147 txirrindularik parte hartu dute, eta Julen Zubero lemoarra izan da azkarrena
Imanol Goñi izan zen azkarrena Txipiroi mendi trail lasterketan zapatuan, Ean. Natxituarrak ordubete, 43 minutu eta 15 segundotan amaitu zuen proba.Haren ostean, Joanes Goitisolo izan zen bigarren sailkatua Eskolondoko pareko helmugan. Goitisolok ordubete, 50 minutu eta 53 segundoko marka egin zuen. Bigarrenarengandik 10 minutura heldu zen Aritz Arruti hirugarren sailkatua: 2:00.36ko denbora egin zuen.
Era berean, Zuriñe Frutos izan zen helmugan sartu zen lehenengo emakumezkoa. Frutosek 2 ordu, 12 minutu eta 6 segundotan burutu zuen lasterketa. Lau bat minutuko tarteagaz, Irati Apraiz izan zen bigarrena (2:16.54). 2 ordu, 20 minutu eta 42 segundoko denboragaz Oihane Perezek osatu zuen podiuma.
Bestalde, BTT martxa ere egin zuten, eta iazko irabazle Julen Zubero lemoarra izan zen lehena helmugara heltzen.
Bi probak kontuan hartuta, 221 parte hartzaile izan ziren. Horietatik 147 txirrindularik egin zuten bizikleta martxa, eta 74 korrikalarik lehiatu zuten lasterketa.
Ibilbidea oso polita izan zela nabarmendu zuten parte hartzaileek, eta lehen orduetan lainotuta egon bazen ere, gerora, eguzkiak ondo berotu zuen, eta askok bero itzela pasatu zutela azaldu zuten.
Eako hondartzatik 09:30ean irten ziren BTT martxako partaideak, eta ordu erdi beranduago ekin zioten lehiari korrikalariek.
BTT martxakoek 37 kilometro egin zituzten bizikleta gainean, eta mendi trail lasterketakoek 22 kilometroko ibilbidea burutu zuten.
Goizak aurrera egin ahala, bertako zein kanpoko jende asko batu zen Eako kale estuetan eta hondartzaren alboan. Arratsaldean ere giro ederrean egin zuten umeen Txipiroi Txiki.