Atzo arratsaldean txupina jaurtita hasi zituzten jaiak, eta gaur tortilla txapelketa lehiatu dute.
34 tortilla aurkeztu dituzte bertan bildutako kuadrillek; inoizkorik gehien antolatzaileek zehaztu dutenez.
Denetan onena Ziortza izenekoa dela erabaki du epaimahaiak. Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko jaietako zinegotziak jantzi dio txapela irabazleari.
Mila izeneko tortilla sailkatu da bigarren, eta Lourdes San Severino Jai Batzordeko kide eta Gernika-Lumoko zinegotziaren eskutik jaso du saria. Hirugarren saria, berriz, Ganorabako izeneko tortillari eman dio epaimahaiak, eta Jon Lejarraga kirol zinegotziak eman dio saria oholtzara igo den ordezkariari.
Eguraldia lagun, gerizpetan batu dira kuadrillak. Ume, guraso zein aiton-amonak ibili dira tortillak prestatzen.
Ume eta nagusien arteko jolasak egin zituzten atzo arratsaldean.
Arratsalderako kirol ekintzak prestatu dituzte. Skate txapelketa 17:00etan hasita lehiatuko dute, eta futbito partidak ere jokatuko dituzte, tartean, guraso eta seme-alaben artekoak.
Iluntze gaur partean, sardina jana eta txokolatada izango dituzte aukeran. Gero, 21:00ak inguruan hasiko da Oxabiren erromeria, ume gazte zein nagusiak dantzan jarriz.
BIHARKO EGITARAUA:
- 10:00. Diana.
- 11:00. XI. Sukalki txapelketa, inguruko tabernetan.
- 11:30-14:30. Alboka.
- 12:00. Meza nagusia, San Frantzisko parrokian.
- 12:45. Kopaua.
- 13:00. Euskal dantzak, Elai Alai dantza taldearen kalejiragaz.
- 14:00. Sukalki kazolak batu eta sari banaketa, San Kristobal plazan.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 18:00. Jokaldigaz erromeria.
- 22:30. Amaierako txupina.