Busturialdeko eta Lea Ibarreko pilotarien lehia, gaur, Ajangizen
Busturialdeko eta Lea Ibarreko pilotariek esku pilota txapelketa jokatuko dute gaur Ajangizko horma bakarreko frontoian elizaren hormetako batean. Nagusietan, sei bikote lehiatuko dira, eta txikien mailan, berriz, bi bikotek parte hartuko dute. 18:00et...
Hirugarren urtez jarraian antolatu dute txapelketa, eta Lea Ibarreko esku pilota taldekoekin batera, Busturialdetik Bermeoko eta Gernika-Lumoko Arkupe taldeetako pilotariak ariko dira lehian.
18 urtetik gorakoek bost partida jokatuko dituzte, eta kimu mailakoek partida bakarra lehiatuko dute. Nagusietan, eskualde bakoitzetik hiruna bikotek parte hartuko dute.
Bikote irabazleak txapela jantziko du, baina parte hartzaile denei bertoko produktuak banatuko dizkiete. Zapia, Ajangizko ikurra den indaba eta ardo botila bana jasoko dituzte pilotariek.
Ajangizko horma bakarreko frontoia eskualdeko bakarrenetarikoa da. «Guretzat garrantzia berezia du, eta bertan jokatuta pilota kalera, plazara atera gura dugu». Esku pilota bultzatzeagaz batera, bi eskualdeen arteko harremanak estutzeko ere aukera ederra dela azaldu dute antolatzaileek.
Partidak amaitu ostean, parrilladan batuko dira pilotariak zein bertaratzen diren zaleak. «Txerrikia prestatuko dugu, eta herriko txakolina ere egongo da. Aurreko urteetan ere jende piloa batu gara, eta aurten ere horrela izatea espero dugu».