60 tona hegaluze lehorreratu dituzte Ondarroan
Ondarroako Kalare Deuna kofradiak igorritako datuen arabera, azken egunotan 61.936 kilo hegaluze deskargatu dira Egidazu kaian. Kanpainan dabiltzan ontzien eta harrapaketen kopuruak gora egin du azken astean, eta, hortaz, aurreko astean baino merkeago ...
Hegaluzea kostatik nahikoa hurre ari dira harrapatzen, Bilbo gainean, eta ontzi bakoitza arrain gutxi porturatzen ari baldin bada ere, 6.000 eta 8.000 kilo artean, nahikoa arrain ari dira deskargatzen. Izan ere, arrantzaleak marea motzak egiten ari dira; lau edo bost egunerako itsasoratzen ari dira gehienak.
Harrapaketei dagokienez, astelehenean deskargatu zuten hegaluzerik gehien Ondarroan: 22.949 kilo. Martitzenean, eguaztenean eta atzo, ostera, 8.172 kilo, 18.126 kilo eta 12.789 kilo lehorreratu zituzten, hurrenez hurren.
Asteon deskargatu dituzten aleei dagokienez, nahikoa handiak izan direla nabarmendu dute. Bataz beste, 9 kilo inguruko aleak izan dira gehienak. Hegaluzeaz gain, hegalabur eta moja ale batzuk ere deskargatu dituzte Egidazu kaian.
Herenegun, esaterako, 9 hegalabur ale lehorreratu zituzten, eta atzo, ostera, beste 2. Ale oso handiak izan dira, 30-50 kilo ingurukoak. Merkatuan eskaintza gutxi dagoenez, hegaluzea baino garestiago kotizatu da; kiloa, 7 euro bueltan. Mojei dagokienez, atzo, 7 ale eta gaur, beste lau ale porturatu dituzte. Kiloa, 3,5 euro inguruan saldu da.
Hurrengo egunotan sare pelajikoekin arrantzatzen ari diren ontziak (Irlanda eta Frantziakoak) itsasoratuko direla aurreikusten da, eta horiek hegaluzea eta hegalaburra saltzen hasten direnean, prezioak zer edo zer amilduko direla aurreikusten dute Ondarroako kofradiako ordezkariek.
Egunotan beste espezie batzuk ere arrantzatu dituzte baxurako arrantzaleek. Batez ere, betandia eta txitxarroa porturatu dituzte.