Munduko zestalaririk onenen jokoaz gozatzeko aukera eskainiko du beste behin Jai Alai World Tourrak. Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian bi Master Series jokatuko dira.
Zapatuan, 19:30ean hasita, lehenengo Master Seriesaren finalerdiak lehiatuko dituzte, eta
hilaren 15ean izango da
finala (finalerdien ordutegi beragaz).
Hain zuzen ere, txapelketaren lehen multzo honetan Jai Alive enpresako lau bikote ariko dira nor baino nor gehiago.
Goikoetxeak eta Inzak Olharan eta Ibai Erkiagaren kontra jokatuko dute. Beste partidan, berriz,
Egiguren eta Etcheto Olha eta Enbilen kontra ariko dira.
Bigarren multzoan beste lau bikote hauek lehiatuko dira:
Beaskoetxea-Txasio Barandika-Armigorena bikotearen kontra, eta
Erik-Lekerika bikotea Hormaetxea-Aldazabalen kontra. Horiek
hilaren 24ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta astebete beranduago, hilaren 30ean lehiatuko dute finala.
Aipatu Master Series bakoitzeko bikote irabazleek
abuztuaren 12an jokatuko dute finala.
Sarrerak 10 eurotan daude salgai, baina, aurten
Bazkide Txartela egiteko aukera zabaldu dute Gernika Jai Alai enpresan. Bazkide eginda,
partidak guztiak 40 euroren truke ikusi ahalko dira.
Puntistarik onenak
Antolatzaileen berbetan, iazkoa oso denboraldi “arrakastatsua” izan zen, eta aurten ere “oso gogor” datozela adierazi dute. Goi mailako pelotariak izango dira Gernika-Lumoko Katedralean.
Besteak beste, Diego Beaskoetxea herriko izarraren erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute zaleek. Beaskoetxea iazko Binakako Txapelduna, Donibane Lohitzuneko Grand Slam-aren eta Miarritzeko Urrezko Xisteraren irabazlea da. Dania Jai Alain jokatzen duen aurrelari biziak, iazkoa errepikatzea izango du aurten ere helburu.
Alex Hormaetxea bermeotar errematatzaile ikusgarriak ere ez du hutsik egingo, ezta Danian oso maila ona eman duten Xabier Barandika eta Unai Lekerika herriko gazteek ere. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra, historiako pelotari onenetakoa, Gernikan izango da, eta baita Aldazabal berriatuarra ere, Daniako atzelari onena izan da eta iazko Binakako Txapelduna da.
Etcheto eta Inza atzelari lapurtarrak, Egiguren, Enbil edota Olha bezalako pelotari beterano baina goi-mailakoak, berriro Euskal Herrira jokatzera itzuliko den Txasio markinarra, Olharan-en joko bizia… Punta-puntako jokalariak guztiak ere.
“Ez da ikuskizuna faltako kantxan, eta giro aparta espero da beste behin harmailetan ere. Zesta-punta goruntz doanaren adierazle”.
Musikaz girotuta
Zesta punta jaialdia girotzeko, iaz moduan aurten ere musika estilo desberdinetako talde edo bakarlariak egongo dira frontoian. Zehatz esateko, partiden aurretik musika emanaldiak eskainiko dituzte, eta partidak amaitzean, DJ-en txanda izango da.
Zapatuan, Nebbian taldea eta
Aitor Etxebarria El_Txef_A Dj-aren doinuek dantzan jarriko dituzte zesta punta zaleak.
Hilaren 15eko finalean, berriz,
Lazybone Rambles eta TPR Dj-ak izango dute frontoia musikagaz girotzearen ardura.