Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute lehen greba egunean. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate aurrean exijitu dute lan baldintzak hobetzea
Grebaren lehen egunean,
etxez etxeko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoaren aurrean. Zerbitzu hori ematen duten langileek sektoreko hitzarmena negoziatzeko eskatzen diote patronalari, aurretik zutena iraungita dagoelako eta bizi duten prekarietateagaz amaitzeko.
Mankomunitateak azpikontratatuta duen Urgatzi enpresak kudeatzen du etxez etxeko laguntza zerbitzua, eskualdeko hamazazpi herri bere gain hartuz.
Enpresa horrek 24 langile ditu, eta haietatik hamahiruk bakarrik daukate lanaldi osorako kontratua. Gainera, hamahiru langile gehiago daude kontratu ezberdinekin, eta aurten adostutako 4.700 orduak beteta dituzte honez gero.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatearen bulegoaren aurrean.
Egoera horri
lan baldintza txarrak ere gehitzen zaizkie; izan ere, emakumeak gehiengo diren sektore horretan, lanean dituzten arriskuak ez direla kontutan hartzen salatu dute. «Busturialdeko 24 langileetatik sei bajan daude egiten ditugun lanen ondorioz eta ez daukagulako inolako laguntzarik», diote. Gainera, egunero herrietatik zehar mugitu behar dira autoan, horrek dakartzan gastu gehigarriekin.
Zerbitzua langileek jartzen duten dedikazioari esker mantentzen dela adierazi dute: «Guk lanean jarraitzen dugu gure bokazioagatik».
Busturialdeko hitzarmen bat negoziatzeko eskaria egin zioten enpresari, Bizkaia mailan patronalagaz negoziatzen ari diren hitzarmena geldituta dagoelako. Momentuz, enpresak 2017ra arte negoziatzeko asmorik ez daukala adierazi dute langieek, eta horrek bi gauza suposatu ditzakeela diote: «Negoziaketa hutsetik hastea, orain arte lortutako guztia galduz, edo Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatzea, baldintza txarragoekin».
Momentuz, patronalak erreakzionatu egin du grebaren ondorioz; negoziatzeko deialdia egin diete.