Gernika-Lumon hasi eta amaituko da Bizkaiko XXII. Itzuliaren 3. etapa
Gaur hasi eta domekan amaituko da junior mailako lasterketa.
Zapatuan 16:30ean irtengo dira txirrindulariak Gernika-Lumoko Artekale kaletik, eta 98 kilometroko ibilbidea egingo dute. Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Ea, Ispaster, Ereño, Nabarniz, Muxika, Munitibar, Mendata eta Arratzutik pasatuko dira txirrindulariak.
Gainera, Ziklista Gernikesa txirrindulari taldeak omenaldia jasoko du.
Gaur arratsaldean Balmaseda eta Trapagaran artean lehiatuko dute lehen etapa. 17:30ean hasita, 77 kilometroko lasterketa burutuko dute ezkerraldeko herrietatik. Zalla, Sopuerta, Muskiz, Sestao, Ortuella, Abanto eta Zierbenatik pasatuko dira.
Bihar, berriz, Sopelan hasi eta amaituko da 80 kilometro dituen bigarren etapa. 16:30etatik aurrera, Urduliz, Laukiz, Asua, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama, Larrabetzu, Gamiz-Fika, Mungia, Maruri-Jatabe eta Gatikatik burutuko dute ibilbidea.
Domekan, berriz, goizez eta arratsaldez izango dira lasterketak. Goizean, lehen sektorean, Gatikan hasi eta amaituko da laugarren etapa. 10:30ean hasita, 68 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, Gatika eta Maruri-Jatabe artean.
Arratsaldean, ostera, ia 12 kilometroko lasterketa egingo dute, bigarren sektorean. 16:00etatik aurrera, Balmaseda eta Zalla artean burutuko dute azken etapa.