Busturialdeko eta Lea Ibarreko pilotariak nor baino nor gehiago bihar, Ajangizen
Ajangizko horma bakarreko frontoian (elizaren hormetako batean dagoena) jokatuko dute txapelketa aipatu bi eskualdeetako ordezkariek. Nagusietan, sei bikote lehiatuko dira, eta txikien mailan, berriz, bi bikotek parte hartuko dute.
18:00etan hasiko da lehen partida.
Hirugarren urtez jarraian antolatu dute txapelketa, eta Busturialdetik Bermeoko eta Gernika-Lumoko Arkupe taldeetako pilotariak ariko dira lehian.
18 urtetik gorakoek bost partida jokatuko dituzte, eta kimu mailakoek partida bakarra lehiatuko dute. Nagusietan, eskualde bakoitzetik hiruna bikotek parte hartuko dute.
Bikote irabazleak txapela jantziko du, eta halaber, parte hartzaile denei bertoko produktuak banatuko dizkiete. Zapi bana, Ajangizko ikurra den indaba eta ardo botila bana jasoko dituzte pilotariek.
Ajangizko horma bakarreko frontoia eskualdeko bakarrenetarikoa da. “Guretzat garrantzia berezia du, eta bertan jokatuta pilota kalera, plazara, atera gura dugu”.
Esku pilota bultzatzeagaz batera, bi eskualdeen arteko harremanak estutzeko ere aukera ederra dela azaldu dute antolatzaileek.
Partiden amaieran, parrilladan elkartuko dira pilotari zein bertaratzen diren zaleak. “Txerrikia prestatuko dugu, eta herriko txakolina ere egongo da. Aurreko urteetan ere jende piloa batu gara, eta aurten ere horrela izatea espero dugu”.