Jendetza batu da Martin Deunaren jaian
Astelehenean ospatu zuten Martin Deunaren jaia ispastertarrek. Eguerdian emakumeen herri kirol erakustaldiagaz gozatu zuten, eta goizean zein arratsaldean giro ederra eduki zuten.Martin Deunaren jaia ospatu zuten herenegun Ispasterko eta inguruko bizil...
Astelehenean ospatu zuten Martin Deunaren jaia ispastertarrek. Eguerdian emakumeen herri kirol erakustaldiagaz gozatu zuten, eta goizean zein arratsaldean giro ederra eduki zuten.
Martin Deunaren jaia ospatu zuten herenegun Ispasterko eta inguruko bizilagunek. Askorentzat ohitura bihurtu da San Martin egunez Marin Deunaren ermitara hurbiltzea, eta aurten ere herritarrek ez dute hutsik egin nahi izan.Hala eta guztiz ere, aurtengoan berritasuna izan dute. Eguerdiko herri kirol erakustaldian emakumeak izan baitziren protagonista bakarrak.
Martin Deunaren baselizan bilduta eguerdiko meza entzun ostean, askotariko herri kirol erakustaldiagaz gozatu zuten han batu zirenek. Besteak beste, Irati Astondoak eta Haizea Iturbek aizkoran daukaten abilezia erakutsi zuten. Iturbek, 9 urtegaz, besteen mailan dagoela argi utzi zuen.
Halaber, Susana Maldonado eta Garazi Arruti ingude altxaketan eta harrizulatzean aritu ziren. Beste alde batetik, Esti Olivaresegaz batera jardun zuen Astondoak trontzan eta txokor batzean.
Gainera, erakustaldiaren ondoren, umeek zenbait herri kirol egiteko aukera eduki zuten. Aukera ondo baino hobeto aprobetxatu, eta primeran pasatu zuten.
Musa eta briska
Arratsaldean, berriz, tradizioari eutsiz, mus eta briska txapelketak lehiatu zituzten, lau erregetara. Herrikoak ez eze, inguruetako kartazaleak ere bildu ziren mahaien bueltan.
Manu Meabe eta Jose Martin Zabala izan ziren onenak mus jokoan, eta briska txapelketa, berriz, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko bi emakumek irabazi zuten.
Eguraldia lagun, goizez zein arratsaldez giro ederra izan zuten Martin Deunaren ermitaren inguruan. Ume, gazte zein nagusiak elkartu ziren, eta denek ere egun pasa itzela egin zuten beste urte betez.