09:00etatik 12:00etara, irailaren amaierara arte, eguaztenero batuko dira Axpen, udaletxe ondoko plazan.
Goizeko azoka, Axpen
Udako azoka horietan, nekazal produktu ekologikoak erosteko aukera izango dute herritarrek. Gaur jarri dute lehenengo azoka, eta lau salmahaitan hainbat produktu egon dira aukeran: patatak, porruak, azenarioak, letxugak, idarrak, kipulak, piperrak, tomateak, gazta, indabak…
Oraindik, baina, goizegi dela diote Busturiko nekazariek; hirugarren azokatik aurrera egoten dira ortuari gehiago. Tomateak edo lekak, esaterako, ordutik aurrera egoten baitira. Gaurkoan, baina, lehenengo tomateak saldu dituztela azaldu dute. Hori bai, azokara bertaratu den lehenengo erosleak eraman ditu. Diotenez, azoka 12:00etararte egoten bada ere, lehenengo ordurako ortuari gehienak salduta egoten dira.
Udako nekazal azokek herriko nekazariei biharra egiteko aukera ematen diela azaldu dute, bai eta herritarrengana hurbiltzeko aukera eman ere.
Aurtengo udako nekazal azoken denboraldia irailaren 24an amaituko da; egun horretan egingo baitute 16. Azoka Ekologikoa. Azken urteetan, aipatu azoka, uztailean egin dute; aurten, baina, irailera atzeratzea erabaki dute, “ortuari gehiago egoten baitira sasoi horretan”.