Eguenean Mungiako Matxin Plazan lehiatu zuten Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa.
Goizalde Aransolo. Argazkia: Bizkaiko Herri Kirol Federazioa.
Nagusien mailan, emakumezkoetan Goizalde Aransolo muxikarra nagusitu zen eta gizonezkoetan Aritz Martin gernikarra.
Parte hartzaileek 50 lokotx batu behar izan zituzten. Emakumezkoetan lau partaide aritu ziren nor baino nor gehiago. Muxikarrak zortzi minutu eta 34 segundoko marka lortu zuen.
Ainhoa Ortega sailkatu zen bigarren; bederatzi minutu eta lau segundo behar izan zituen 50 lokotxak batzeko. Bederatzi minutu eta 21 segundoko denboran burutu zuen lana Bermeoko Erika Rojas hirugarrenak. Aiora Otazua gernikarra sailkatu zen laugarren, bederatzi minutu eta 34 segundoko denboragaz.
Gizonezkoetan zazpi parte hartzailek lehiatu zuten Bizkaiko txapelketa. Martin gernikarrak sei minutu eta 35 segundotan burutu zuen jarduna.
Ekaitz Salgado geratu zen azpitxapeldun, zazpi minutu eta 22 segundoko markagaz. Hemezortzi segundo gehiago behar izan zituen Sendoa Larrea hirugarrenak. Halaber, Larrearen eta Mikeldi Perez laugarrenaren artean zortzi segundoko aldea baino ez zen egon.
Bingen Erleaga eta Xabat Erleaga arratzuarrak sailkatu ziren bosgarren, eta seigarren, hurrenez hurren, eta Julen Ruiz zazpigarren.
Aritz Martin. Argazkia: Bizkaiko Herri Kirol Federazioa.