Ondarea herritarrei hurbiltzeko helburuz, Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdeko
lau altxor arkeologiko bisitatzeko aukera emango du uztailean eta abuztuan.
Martitzenak izan ezik,
egun guztietan egingo dituzte txangoak goizez zein arratsaldez: 11:00etan eta 17:00etan. Hain zuzen ere, Ereñozarreko gaztelua, Foruko erromatar aztarnak, Arratzuko Arrolako Opiduma eta Tribisburuko errauste-nekropoli erromatarra bisitatzeko aukera eskainiko dute.
Bisitak
lau hizkuntzatan egiteko aukera eskainiko dute: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Bisita horietan parte hartzeko interesa dutenek,
aldez aurretik egin beharko dute
erreserba 94-645 16 57 telefono zenbakira deituta edo
santimamine@bizkaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.
Foruko erromatarren herrixka
Arrolako Opiduma bisitatu gura dutenek Nabarnizetik egingo dute irteera, gutxi gorabehera 2 ordu eta erdiko bisita izango da. Bisita oinez izango da: irteera Arrolako Opidumaren interpretazio zentrotik egingo dute. Arrola burdin aroko gotorleku garrantzitsuenetako bat da, eta Bizkaiko historia ezagutzeko aztarnategi oso garrantzitsua da. Burdin aroan oso ohikoak ziren Arrola bezalako gotorlekuak, baina Arratzukoa ikusgarrienetako bat da. Tamaina eta hedadura aldetik bakarra da, eta oso ondo mantentzen dira aztarnak.
Foruko erromatar herria bisitatzeko abiapuntua, berriz, Foruko San Martin eliza izango da. Forukoa ere, bi ordu eta erdi inguruko ibilbidea izango da. Foruko erromatar herrixka Bizkaian ezagutzen den bakarra da, eta kantauri isurialdeko aztarnategi zainduenetako bat da.
Ereñozarreko gaztelua ezagutzeko topagunea, Ereño izango dela adierazi dute aldunditik, eta beste biak bezala, bi ordu eta erdi inguruko ibilbidea dela azaldu dute. Erdi aroko aztarnak batzen dituen indusketa gunea bisitatzeko aukera izango dute interesatuek. Hala, Ereñozar bisitatzen dutenek erdi aroko historia ezezagunaren berri izango dute.
Aurtengo
berritasuna Tribisburuko nekropolia da. Bermeo eta Busturia artean, Sollubeko mendi hegaletan eta 500 metroko garaieran kokatuta dago. Topalekua Cannon erretegia izango da, Sollubeko tontorrean. Gainontzeko guztiak bezala, bi ordu eta erdiko ibilbidia izango da hau ere.
Tribisburuko aztarnategia. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Tribisburuko arkeologia aztarnategia.
K.o. I eta III. mendeen arteko errauste-nekropoli erromatarra da, hain zuzen ere. Bere ezaugarriengatik, gainera, bakarra da Bizkaian. 1994. urtean aurkitu zituzten aipatu aztarnategian lehenengo aztarnak. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Kulturalaren zerbitzuak 2013. urtean sartu zuen Tribisburu bere ikerketa proiektuen artean.
Orain arte
10 hilobi egitura aurkitu dituzte. Esparru horien barruan, hildakoen errautsak eta objektu pertsonalak sartzen zituzten. Gune horretan aurkitutako hondarrek erakusten dute K.o. I eta III. mendeen artean zeuzkaten hileta ohiturak. Gorpua egurrezko su batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.
Indusketa lanak Juan Jose Cepeda arkeologoaren zuzendaritzapean egin ziren, eta hainbat material aurkitu zituzten lanean zeuden bitartean: jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak… Hondarrak oso zatituta agertu badira ere, Erromako kulturaren itzala “argi” dagoela aipatu dute teknikariek.