Bermeoko Arrantzaleen Museoak Rober Garay artista eta komikigile gernikarraren erakusketa hartu du. Gyotaku teknika erabiliz egindako lanak bildu ditu Garayk oraingoan, 48 guztira.
Gyotaku teknika erabilita egindako lanak. Rober Garayren erakusketa
XIX. mendeko teknika erabiliz, Rober Garay artista gernikarrak 48 lanez osatutako erakusketa ipini du Bermeoko Arrantzaleen Museoan. 48 Gyotaku dira ikusleak aurkituko dituenak.
Artea eta arrantza uztartu ditu Garayk oraingoan. Izan ere, XIX. medean Japonian erabiltzen zuten inpresio teknikaz baliatu da Garay bere lanak egiteko. 1800 urtetik ezagutzen da arte hori, eta, horren bidez, arrantzaleek harrapatzen zituzten arrainak paperean inprimatuta geratzen ziren. Arraina bera tintagaz estali, eta arroz paperagaz biltzen zuten. Ostean, estutu eta igurtzi egiten zuten papera; hala, arrainaren irudia paperean inprimatuta geratzen zen.
Gyotaku teknika erabilita lortzen zituzten emaitzak benetan ikusgarriak dira. Diotenez, gainera, teknika hura hobetu ahala, arrainaren pisua, prezioa, espeziea eta arrantzatze-data kontroltzatzen zituzten. Joan Fontcubertak El beso de Judas. La fotografia y verdad liburuan jaso zuenez, Tokiotik gertu dagoen Enoshima herri arrantzalean teknika hori erabiltzen zuten arrain saltzaileek ere.
Hitzaldia eguaztenean
Gyotakuagaz liluratuta, lau urte egin ditu Rober Garayk teknika hori aztertzen. Hainbat lan sortu ditu, eta Bermeon ikusgai jarri duena gai bereko laugarren erakusketa da.
2015. urtean bi erakusketa ipini zituen Garayk: AteaGyotaku Bilbon eta GyoMusutruk Gernika-Lumon. 2016an, Kubrick GyotakuExpo ere ipini du ikusgai Bilbon, eta Arrantzaleen Museoak hartu duena urte honetan jarri duen bigarrena da. Abuztuaren 21a bitartean egongo da ikusgai.
Uztailaren 6an, La tinta sobre la escama hitzaldia emango du Garayk, 19:00etan, Arrantzaleen Museoan.