Alde Zaharreko fatxada, leiho eta balkoien lore lehiaketak baditu irabazleak
Fatxadarik politena Nardiz Tar Jon 14 izan da; balkoien saria Erremedio kaleko 9. zenbakidun atariko 2. solairuak irabazi du, eta leihorik ederrena Talakoetxea 18ko 2. solairukoa izan daBermeoko Udalak Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxaden lore leh...
Fatxadarik politena Nardiz Tar Jon 14 izan da; balkoien saria Erremedio kaleko 9. zenbakidun atariko 2. solairuak irabazi du, eta leihorik ederrena Talakoetxea 18ko 2. solairukoa izan da
Bermeoko Udalak Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxaden lore lehiaketa antolatu du aurten, lehenengoz, herriko hainbat elkartegaz elkarlanean, eta atzo goizean egin zuten sari banaketa ekitaldia.Fatxaden kategorian, Nardiz Tar Jon kaleko 14 zenbakidun atariak jaso du saria. 300 euro jaso dituzte. Gainera, etxebizitza bakoitzeko arduradunek Aita Guria baleontzirako bi lagunentzako sarrera berezia ere jaso dute; sarrera horregaz, 2016an nahi beste aldiz sartu ahal izango dute.
Balkoirik ederrena, epaimahaikoen arabera, Erremedio kaleko 9 zenbakidun atariko 2. solairuarena da. Irabazleak Berton elkarteko dendetan gastatzeko 150 euro eta Aita Guria baleontzirako sarrera berezia eskuratu ditu.
Azkenik, leiho ederrenaren saria Talakoetxea kaleko 18 zenbakidun atariko 2. solairuko bizilagunak jaso du: Alde Zaharreko tabernetan kontsumitzeko bonua eta Aita Guria-rako sarrera berezia.
20 parte hartzaile
Atzo goizean Goiko Plazan egin zen sari banaketa ekitaldian jaso zituzten sariak irabazleek. Antolatzaile guztien ordezkariek parte hartu zuten, gainera, elkarlanaren isla. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordea; Irune Or- maetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzia; Santi Murua Berualako zuzendaria eta Alde Zaharra bizirik ostalarien elkarteko, Haitz Nagusidxe Alde Zaharreko auzokideen elkarteko, Berton Bermeoko txiki ertain enpresen elkarteko eta Bermeoko loradendetako ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste.
Guztira, 20 parte hartzaile izan dira lehenengoz antolatu duten Alde Zaharreko lore lehiaketan. Antolatzaileek parte hartzaile guztiek egindako ahalegina txalotu gura izan dute: «Lore lehiaketa gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko emandako pauso bat izan da, eta parte hartzaileek helburu hori lortzen lagundu digute». Lehiaketarako izena eman ez duten beste hainbatek ere loreak jarri dituztela azaldu dute.
Parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete lore lehiaketaren antolatzaileek. Azaldu dutenez, «Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzeak, dudarik barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen du; loreekin dauden lekuak, leku biziak direlako».
Antolatzaileek lehiaketaren balorazio positiboa egin dute, eta hurrengo urtean ere antolatzeko prest agertu dira, «ideia eta proposamen berriekin».