Bermeo eta Gernikan ere Elkarrekin Ahal Dugu atera da indartuta
Busturialdean Eusko Alderdi Jeltzaleak izan ditu boto gehien. Hala ere, abenduaren 20ko emaitzekin alderatuta, botoak galdu dituzte alderdirik bozkatuenek, Elkarrekin Ahal Duguren mesederako. Bermeon eta Gernika-Lumon ere ildo beretik atera dira emaitzak.
Bermeon EH Bilduk hartu du kolpea, hirugarren indarra izan baita gaurkoan. Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak izan ditu EH Bilduk baino boto gehiago: 2.070 boto guztira (Podemosek 1.947 boto izan zituen abenduan, eta IUk 77). EH Bilduk 377 boto galdu ditu abendutik ekainera. 2.261 bozka izan zituen abenduan, eta 1.884 izan ditu gaur. EAJ izan da lehen indarra kostako herrian, 3.722 botorekin; baina abenduan baino 67 boto gutxiago izan ditu. Hala ere, abstentzioaren datua kontuan hartzekoa da Bermeon: %35; Busturialdean altuena.
Gernika-Lumon, lehia estua izan dute bi koalizioek, baina EH Bilduk hartu ditu boto gehiago. 2.023 boto izan ditu koalizio abertzaleak (2.353 izan zituen abenduan), eta 2.002 izan ditu Elkarrekin Ahal Duguk (Podemosek 1.800 izan zituen abenduan, eta IUk 84). Beraz, botoetan gora egin du koalizioak. EAJ izan da bozkatuena hiribilduan. 3.458 botorekin, abenduko emaitzari eutsi diote jeltzaleek (3.472 boto izan zituzten 2015ean).