Ekainaren 29tik uztailaren 1era izango da Jizz-Jazz taldeak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen
Jazzber jaialdia.
Busturialdean erreferentea den jaialdia da,
jazz jaialdi bakarra baita. Jaialdi horren bitartez, Busturialdean jazz musika
zaletasuna eta
ezagutza bultzatu gura dute, bai eta jazz mundua herrira hurbildu ere.
Aingeru Astui Kultura zinegotzia eta Jizz-Jazz taldeko Igor Markaida Jazzber jaialdia aurkezten
Urtero, ahalik eta
eskaintza zabalena ematen saiatzen direla azaldu du Jizz-Jazz taldeko Igor Markaidak.
Hiru kontzertu eskainiko ditu Jazzber jaialdiak, guztiak, Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean. Jaialdia, gainera,
doakoa dela gogorarazi gura izan dute antolatzaileek. Ohikoena izaten da Jazzber jaialdia
Jam Session bategaz amaitzea. Aurten, baina, “logistika eta egutegi arazoengandik”
ez dela posible izango azaldu du Markaidak.
Ekainaren 29an, eguaztenean, Tomasz Wendt Triok zabalduko du Bermeoko jazzaldia. Tomasz Wendt saxofoi-jotzaileak gidatzen du hirukotea. Aipatu taldeak hainbat sari lortu ditu Europako lehiaketa ospetsuetan, eta emozioz beteriko musika sortzea lortzen dute inprobisatzen dutenean. Bandak berak sorturiko piezak, jazz standarra eta blues eta rock ezagunen konponketak eskaintzen ditu bide adierazle berriak etengabe bilatuz.
Eguenean, boskote bat igoko da Kafe Antzokiko agertokira:
Wilfried Wilde Quintet. Taldearen errepertorioa Wildfried Wilde gitarrista eta konpositoreak egindako doinu orijinalek osatzen dute. Bere ideia musikalek eragin hauek dituzte: gaur eguneko jazza (Brad Mehldau, Kurt Rosenwinkel bezalako musikarien antzera), musika klasikoa (Debussy, Ravel) edo filmetako soinu bandak. Horren emaitza kolorez betetako musika da, jazz inprobisazioa eta kamara musikaren gauzatze zorrotza nahasten dituena, hain zuzen ere.
Jazzber jaialdiko
azken kontzertua Night Dreamers boskote euskaldunak eskainiko du, uztailaren 1ean, barikuan. Taldearen errepertorioak abangoardia eta tradizioa uztartzen ditu baina taldeak berak sortutako moldaketa eta konposizioek artikulatzen dute pertsonalitatez beteriko ikuskizuna. Musikenen sortutako boskote honen partaideek oso ibilbide luzea dute gaur eguneko musika eszenan, eta hori gutxi bada, espainiar musikari ospetsuekin lan egin izan dute.
Antolatzaileek, jazz musika zaletuak eta musika zaleak orokorrean, hurbiltzera eta parte hartzera deitzen dituzte, «musikaz gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera baitago».