Sareginek Bermeoko feministen sareak antolatuta, generoa eta identitatea lantzeko jardunaldiek eduki duten arrakasta ikusita, gaia lantzen jarraituko dutela azaldu dute.
Transexual feminista baten historia ezagutzera hurbildu ziren 50 lagun inguru
Bi hitzaldi eta film emanaldi bat egin dituzte hiru egunetan. Kabidxen antolatutako hitzaldietara jende ugari hurbildu dela azaldu dute: “Hitzaldi dinamikoak izan dira, eta parte hartze handia egon da”.
Jardunaldiek “ezkutuan dagoen errealitate bat argitara emateko” balio izan dutela dio feministen sareak: “Argira atera beharreko errealitateaz, eta maskulinitate eta feminitate dikotomiaz aportazioa handia izan da”. Izan ere, diotenez, “orain arte, batez ere, pertsona helduetan ezagutu izan da; orain, baina, umeetan gero eta gehiago ematen da”. Adibide bat ere eman dute Sareginek, “Chrysallis, transexualitatea bizi duten umeen familien elkarteak, orain dela hiru urte 15 familia inguru batzen zituen, gaur egun, aldiz, 80 familia dira”.
Modu horretan, generoa eta identitatea lantzeko egindako jardunaldiak, lehenengo urratsa baino ez dela aipatu dute Sareginek. Gaia azaleratzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute. Horregatik, bigarren urratsa laster abiaraziko dutela diote, eta komun komunen inguruan ariko direla jakinarazi dute.