Ormaza fabrika erreferentziazko gune ekonomikoa izatea gura dute
Parte hartze prozesua amaitu dute Ideien Kontserbera sarekoek, eta «emaitza oparoak» lortu dituztela diote. Herriaren inplikazioa ere bilatuko dutela azaldu duteOrmaza proiektua definitzeko asmoz, parte hartze prozesu bat abiarazi zuten Ideien Kontse...
Parte hartze prozesua amaitu dute Ideien Kontserbera sarekoek, eta «emaitza oparoak» lortu dituztela diote. Herriaren inplikazioa ere bilatuko dutela azaldu dute
Ormaza proiektua definitzeko asmoz, parte hartze prozesu bat abiarazi zuten Ideien Kontserberakoek, eta prozesu hori joan den astean amaitu zuten. Dozenatik gora asanblada egin dituzte, eta herritar askok parte hartu dutela azaldu dute, bereziki, gazteek. Hala, antzinako Ormaza fabrika erreferentziazko gune ekonomikoa bihurtzeko lan egingo dutela azaldu dute.Parte hartzearen helburu nagusia proiektuaren izaera definitzea izan zela diote Ideien Kontserberakoek. Gunearen filosofia, oinarri ekonomikoak, antolakuntza edo kudeaketa bezalako gaiak eztabaidatu dituzte, «emaitza oparoak lortuta».
Ormaza lantoki komunitarioa izateaz gain, proiektu ezberdinak sustatzeko gune, ikasleak inplikatzeko esparru eta eragile ekonomikoen bilgune izatea gurako lukete. Hala, harreman espazio «garden eta horizontala» definitu dute, «norbanakoen autonomia pertsonala eta beharrizan komunitarioak uztartzeko asmoz».
Proiektuaren beste oinarrietako bat «herriaren inplikazioa» izango dela diote. Espazioaren alokairua ordaintzeko, dirua erabili beharrean, denbora inbertitzea proposatzen dute, «herritar guztien interesekoak izan daitezkeen ekimenak bultzatzeko, edota izaera soziala duten proiektuetan inbertitzeko».
Bestalde, gune sozial bat zabaltzea ere aurreikusten dute; «jende asko bizi den gune batean egonik, auzokoen inplikazioa bilatzeko». Gainera, momentu guztietan ateak zabalik dituen leku bat izatea gurako lukete.
Eskualdera zabaldu
Orain, partaidetza prozesuan erabakitakoa idatzi eta herritarren artean zabalduko dute. Era berean, orain arte egindako bideari balioa eman gura diote, «oraindik aurrera egin beharrekoen oinarri sendo bat edukitzeko».
Proiektua, gainera, eskualde osora zabaltzea dute helburu. Bermeon sortutako ekimena den arren, parte hartzeko aukera inguruko herrietara zabaltzea ezinbestekoa dela uste baitute; «gazteen egoera antzekoa delako eskualde osoan, eta proiektua ahalik-eta gehien saretzeko».