Hirugarren urtez jarraian,
Bermeo eta Mundaka artean 2.500 metroko igeriketa proba lehiatuko dute.
12:00etan Bermeoko portuan hasi, eta Mundakako portuan edukiko dute helmuga. Partaideak antolatzaileek jarritako autobusean joango dira Mundakatik Bermeora probari ekiteko.
Ordubete inguruan egiteko zeharkaldia denez, lehenengoak 13:20ak aldera Mundakara ailegatuko direla aurreikusten dute antolatzaileek.
350 parte hartzaile ariko dira lehian;
izen emateko epea aspaldi itxi zuten, gehienezko partaide kopurua azkar bete zelako (ez dago ordezkoen zerrendarik).
Euskal Herriko igerilari asko elkartuko dira Mundakan, eta Espainiar Estatuko zein Europako zenbait herrialdeetako herritarrek ere parte hartuko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, besteak beste, Madriletik, Bartzelonatik, Kantauritik, Aragoitik, Frantzitik edota Suediatik etorritako igerilariek lehiatuko dute itsas zeharkaldia.
“Haigor Aranguren eta Peru Alfaro gipuzkoarrak eta Adnan Mustafik bizkaitarra dira gizonezkoetan faboritoak. Emakumezkoetan, berriz, Irati Mendia gipuzkoarra eta Caroline Eriksson suediarra dira faborito nagusiak”, zehaztu dute antolatzaileek.
Iaz moduan aurten ere
lau kategoria daude: Gizonezkoak neoprenoagaz, emakumezkoak neoprenoagaz, gizonezkoak neoprenorik barik, eta emakumezkoak neoprenorik barik.
Neopreno gabeko kategorian, Marco Rivera nagusitu zen iaz.
Kategoria horietako lehenengo hirurak sarituko dituzte, eta halaber, lehenengo mundakarrak edo bermeotarrak ere saria jasoko du.
Parte hartzaileek proba amaitzean dutxatzeko aukera izango dute, Mundakako Arraun Taldearen lokalean edota Mundaka Hostel-en.
Dortsalen banaketa
Bestalde, partaideek zapatu arratsaldean haien dortsalak eskuratu ditzakete, 19:00etatik, 21:00etara Mundaka Hostel & Sports Cafe-n eta Mundakako kiroldegian. Era berean, domeka goizean Mundakako udaletxeko plazan ere hartu ahalko dira, 09:00etatik 10:30era.
Dortsala jaso ahal izateko beharrezkoa izango da NAN-a aurkeztea.