Badator motorzaleek Bermeon urtero izaten duten hitzordua. Izaro Bikers Bermeoko motorzaleen elkarteak VII. Magurios topaketak antolatu ditu astebururako. Iaz 400 motorzale batu ziren Bermeon, eta aurten beste horrenbeste espero dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Motorzaleak iazko topaketan
Gero eta ezagunagoak eta arrakastatsuagoak dira Magurios topaketak. «Euskal Herriko toki desberdinetatik zein Espainiatik etorriko diren motorzale askok baieztatu dute bertaratzea. Sevillako , Madrileko, Valladolideko… motorzaleak egongo dira gugaz Bermeon, bai eta portugaldar bat edo beste ere. Gure herriaren izena ezagutzera ematen ari gara», esan dute antolatzaileek.
Kanpotik datozen motorzaleak asko izanik, Burujabetasun zelaian kanpatzeko aukera izango dute motorzaleek. Hala ere, herriko hotelak, ostatuak eta nekazal turismoak betetzea espero du Izaro Bikers elkarteak. Gainera, 200 kilometro baino urrunagotik datozen motorzaleek ez dute izen ematea ordaindu beharko.
Hiru eguneko egitaraua
Bihar iluntzean emango diete hasiera topaketei, eta hiru eguneko egitarau zabala izango dute aurretik. Motorzaleez gain, gainera, urtero legez, bertaratzen diren guztiek izango dute ondo pasatzeko aukera. Topaketak pintxopoteagaz hasiko dituzte. Baratxuri zopa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek; motorzaleek zein herritarrek.
Zapatua dute egunik luzeena; umeentzako zein nagusientzako jarduerak antolatu dituzte. Motoekin ibilbideak egingo dituzte, dantza egiteko aukera izango dute, eta erakustaldiak ez dira faltako. Aurten, bai zapatuan zein domekan, rally auto erakustaldiak egongo dira. Hainbat gidarik parte hartuko dute: Aitor Kortazar, Jon Zalloetxebarria, Mikel Rebelo, Joseba Barruetabeña eta Ioritz Zalloetxebarria.
Zapatu gauez argi-zuziekin egiten duten ibilbidea ere ez da falta aurtengo egitarauan; kalerik kale ibiliko dira herritik, 23:30ean hasita.
EGITARAUA
Bihar
20:00. Txosna eta kanpaldi gunearen irekiera. Baratxuri zopa emango dute pintxopotean.
Zapatua
08:00-09:30. Dutxak.
10:00. Izena emateko tartea zabalduko dute.
11:30-14:30. Umeentzako jokoak.
12:00-13:00. Motoekin ibilbidea egingo dute.
13:00-14:30. Rally auto erakustaldia eta Kart Vs Supermotard.
14:30. Bazkaria. Bitartean, zozketak egingo dituzte.
16:30-18:30. Motoekin ibilbidea egingo dute.
18:30-21:00.Motorzaleentzako jokoak egingo dituzte. Ondoren, sari banaketa.
21:00-22:00.Urdaibai mudika taldearekin dantzaldia.
22:00-23:00. Izena eman dutenentzako afaria.
23:30-00:00. Argi-zuziekin ibilbidea egingo dute motoetan, herritik.
00:00-03:00. DJ Oihan Vegagaz diskofesta.
Domeka
08:00-09:30. Dutxak.
09:00-10:00. Izena emon dutenentzako gosaria.
11:00-12:30. Motoekin ibilbidea egingo dute.
13:00-14:30. Rally auto erakustaldia eta Kart Vs Supermotard. Euskal gidari eskolaren erakustaldia
14:00. Zozketak.
14:30. Bazkaria.