Enpresa berriak eta ekintzaileak diruz lagunduko ditu Behargintzak
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak enpresa berriak sortu gura dituzten ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu. Bermeoko Udalak eta Lanbidek sinatutako hitzarmenaren bitartez, batetik, ideia bat aztertu eta garatu gura duten ekintzaileentzako laguntzak emango dituzte; eta bestetik, enpresa bat martxan jarri gura dutenei aholkularitza zerbitzua eta diru laguntzak emango dizkie.
Behargintzatik jakinarazi dutenez, izena ematen duten ekintzaileen artean, aukeraketa prozesu bat egingo dute. Ondoren, aukeratutakoek hiru hilabeteko aholkularitza prozesu batean parte hartuko dute. Tutoretza horiek uztailaren 6an hasiko dira.
Ekintzaileak Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dute eta bertan bizi, gainera. Horrez gain, langabetuak izan beharko dira eta Lanbideren enplegu eskatzaile modura izena emanda egon beharko dute. Parte hartu gura duten horiek ekainaren 23a dute izena emateko azken eguna, eta Behargintzako bulegoetara jo beharko dute horretarako.
Diru laguntzak Bermeoko Udalak emango ditu eta 1.000 eta 1.950 euro bitartekoak izango dira. Diru laguntzak jasotzerako orduan bereizketa bat dagoela aipatu dute Behargintzatik. Enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileen kasuan, zenbateko osoa jasoko dute laguntza onetsi ostean.
Enpresa bat martxan jarri gura dutenek, berriz, hasiera batean laguntzaren %43,9 jasoko dute. Gainerako %56,1a Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta eman ondoren jasoko dute, beti ere, baldin eta alta hori aholkularitza prozesua amaitu, eta gehienez, hiru hilabetera ematen bada.