EH Bilduk iraganeko diskurtsoetatik urrundu nahi du
Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan, jendaurrean izan ziren atzo Bego Landa senaturako zerrendaburua eta Iñaki Antiguedad diputatu ohia. Ekitaldi irekia egin zuten, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Hurbileko formatua izan zuen ekitaldiak, eta autokritika eginez eman zioten hasiera: abenduko emaitza txarrak onartu eta iraganeko diskurtsoak alde batera uztearen beharra azpimarratu zuten.
Madrilera joateko arrazoiak daudela ere azaldu zuten, bertatik ere lan egitea beharrezkoa dela uste dutelako, ezkerreko talde subiranistek ere han hartzen diren erabakietan zer esana dutelako.
Ekitaldian, garrantzia handia hartu zuen eskualde mailan egiten diren politikak; behin baino gehiagotan errepikatu zuten «eskualdean lan eta bizi» leloa, eta hori posible egiteko proposamenak ere luzatu zituzten EH Bilduko ordezkariek.
Herritarren kezkei dagokienez, eskualdeko industria eta burujabetza soziala bezalako gaiak aipatu zituzten bertaratutakoek. Gai horiek Busturialdean landu beharreko zerbait direla adierazi zuten Landak eta Antiguedadek, gauza txikiak aldatzen hasita. Hala ere, Madrilen egotea ere berebizikoa dela aitortu zuten, «eragiten diguten erabaki asko eta asko han hartzen direlako».