Goieaskoetxeak ukatu egin du Durangon ertzainen aurka egin izana
Gaur hasi da haren kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hain justu, 1997. urtean Durangoko Antso Estegiz kalean ertzainei zuzendutako bonba bat jartzea leporatzen dio Fiskaltzak, eta, horregatik, 26 urteko kartzela zigorra eskatu du beretzat. Goieaskoetxeak, aldiz, ukatu egin ditu akusazioak, eta esan du sasoi hartan ez zela ETAko kide.
Fiskaltzaren arabera, Katu taldeak molotov koktelak agerian zituen bonba tranpa bat jarri zuen, ertzainei zuzenduta. Kale borrokan ari ziren gazteen kontrako atxiloketak etetzeko abisua omen zen lehergailu hura, fiskalaren esanetan. Goiaskoetxearekin batera, haren lehengusu Kepa Arronategi gernikarrak parte hartu zuela ere esan du fiskalak gaurko auzi saioan. Lekuko gisa deklaratu du gaur Arronategik, eta, esan duenez, Goieaskoetxeak ez zuen Durangoko atentatu saiakera hartan parte hartu. Arronategik azaldu du atxilotu zutenean pairatutako torturen eta mehatxuen ondorioz eman zuela Eneko Goieaskoetxearen izena. Gaineratu duenez, bonba hura ez zegoen lehertzeko egina, abisua emateko baino ez zelako. Ekintza horregatik epaitu eta zigortu zuten Arronategi.
Auzi saioak jarraipena izango du bihar, Auzitegi Nazionalean.