Zazpigarren urtez herriko ume, gazte zein nagusiak batu dira San Roman auzoko ermitaren inguruan.
Goiz goizetik paellak prestatzen ibili dira kuadrilletan batuta, zeinek paellarik gozoena prestatu. Hamabost paella aurkeztu dituzte txapelketara, eta 5 zenbakiagaz Komando Urretxindorra izan da irabazlea. Txarrenarentzat ere egon da saria; 12 zenbakidun paella izan da epaimahaiaren iritziz denetan eskasena.
Paellak prestatu bitartean, Baso Txoritxu herriko dantza taldearen emanaldia ikustera hurreratu dira asko. Dantzarien ostean, Aldats elektrotxarangako kideen musikak girotu dute Muxikeko Gazte Egune.
14:30ak inguruan hasi dira epaimahaikoak paellak dastatzen. Okelagaz zein itsaskiekaz egindako paellak aurkeztu dituzte, eta ondoren, kuadrilla denak batu dira karpan elkarregaz bazkaltzeko.
Gero, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Julen Ibarguengoitia bertsolariek izan dute bazkalostea girotzeko ardura. Haien bertsoak entzuten barre algara itzelak egin dituzte askok eta askok.
Egun osoko jaia
Arratsalderako ere gustu guztietarako eskaintza prestatu dute Erdu gazte asanbladako kideek.
Kuadrillen arteko olinpiadetan lehiatuko dira karpan, eta horrekin batera, mus txapelketa eta umeen txokoa ere egongo dira.
Teknologia berriak ere baliatu gura izan ditu aurten gazte asanbladak, eta
#MuxikekoGazteEgune traola ere jarri dute, sare sozialetan gaurko argazki eta iruzkinak elkarbanatzeko.
Ohitura legez, musika izango da gaueko protagonista. E.T.S. eta Backbone taldeak igoko dira lehenengo oholtzara, eta ostean, Trikizio erromeriak girotuko du zelaia. Gero, Dj TPRen emanaldiagaz egunak argitu arte dantzan eta kantuan egoteko aukera egongo da.