Ur Partzuergoko kontseilu orokorra deitzeko eskatu du kideen laurdenak
Lehenago ere eskaera egin zuen Benito Ibarrolaza Bermeoko ordezkariak. Eskari pertsonala izan zela dio Eako alkate eta Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilukidea den Iratxe Arriolak. “Exekutibako kide legez egin zuen eskaria, baina ez zioten erantzunik eman”, azaldu du. Orain, Estatutuek diotenari jarraituta, kontseilukideen laurdenak eskatu du kontseilu orokorra batzea. Beraz, nahitaez deitu beharko dutela dio Arriolak.
Bermeo, Ajangiz, Muxika eta Eako udaletako ordezkariek egin dute eskaera formala. “Denbora aurrera doa, eta ez dute inolako azalpenik eman Bermeoko prentsaurrekoan agertu genituen zalantza eta kezken inguruan” – dio Arriolak–. “Partzuergoaren kontrako epaiari helegitea ez jartzea erabaki dute, eta horri buruzko azalpenik ez dute eman”. Era berean, entzun izan dituzten zurrumurruen inguruko azalpenak ere eskatu dituzte kontseilu orokorra batzeko eskaera egin dutenek: “Bi helburu ditu gure eskaerak. Batetik, justifikatzea exekutibaren erabakia eta horren ondorioak; bestetik, aurrera begira Busturialdeko Ur Partzuergoarekiko dituen asmoak argitu ditzala zuzendaritzak”. Hain zuzen, Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzea badute helburu, argi eta garbi esatea gustatuko litzaiekela dio Arriolak.
Enpresa pribatu batekin kolaborazio publiko-pribatua egiteko asmoa dutelaren zurrumurrua ere aipatu du Eako alkateak, eta, hala balitz, zein enpresarekin egingo luketen argitzeko eskatu diote zuzendaritzari. Aitzitik, Partzuergoko buruen asmoa orain arte modura jarraitzea bada, hori ere argi esateko eskatu dute.