Baliabide ekonomiko urriak dituzten familietako umeei bideratutako laguntzak dira, hain zuzen ere
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak diru laguntza bereziak bideratuko ditu, baliabide ekonomiko eskasak dituzten Bermeoko familietako ume eta gazteak abuztuan herrian egongo diren goizeko udalekuetan parte hartzeko aukera eduki dezaten.
Umeak udalekuetan. Argazkia: Axi ekitaldiak.
Bi dira, hain zuzen, abuztuan goizeko udalekuak eskainiko dituztenak: Urdaibai Kiroleroak eta Axi ekitaldiak. Abuztuko lehenengo hiru asteetarako udalekuak antolatu ditu Urdaibai Kiroleroak. Axi ekitaldikoek, ostera, lehenengo bi asteetarako programa prestatu dute. Biek, hala ere, ordutegi berdina izango dute, 10:00etatik 14:00etara.
Diru laguntza eskatu gura duten horiek ekainaren 17ra arte egin ahalko dute. Eskariak Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan (GIZ) egin beharko dira, Gizarte eta Kultura Etxeko lehenengo solairuan, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara. Ume bakoitzak udaleku bakarrarengatik jaso ahalko du diru laguntza.