Jokalari bilbotarra da momentuz klubak egin duen hirugarren fitxaketa.
1,80 metrogaz barruko posizioetan ondo jokatzen du. Jokoan oldarkorra da, intuizio handikoa eta erreboteetan gogorra, erdibidetik jaurtiketa ona daukana.
Gernika Bizkaian jokatzeko gogotsu dagoela adierazi du Alonsok: “Sei urte etxetik kanpo egon ostean, Bizkaira itzultzeak pozez betetzen nau, eta emozio kontrajarriak ditut. Atzerrian egondako denboran jokalari moduan hazi eta heldu egin naiz”.
Gracia Alonso. Argazkia: Gernika KESB.
Halaber, klub gernikarrarentzat esker oneko berbak izan ditu: “Emakumezkoen Ligan jokatzeko eman didan aukera asko eskertzen diot klubari. Aukera itzela da niretzat, eta maila ona ematea espero dut”.
Aurreko denboraldian Suediako Mark Basket taldean aritu zen, eta partidako batez beste, 31,19 minutu jokatu zituen, 14,6 puntu lortu, 9,7 errebote eta 1,9 asistentzia.
Aurretik, lau urte eman zituen Ameriketako Estatu Batuetako Freed-Hardeman University taldean (Henderson, Tennesse), ikasketak eta saskibaloia uztartuz. Bertan partidako batez besteko 10 puntu eta 8,5 errebote eskuratu zituen. West High School-eko taldean ere jokatu zuen urte betez.
AEB-etara joan aurretik, Ibaizabal taldean egon zen urte betez. Berriotxoa eskolako taldean hasi zen saskibaloian jokatzen, eta infantil eta kadete mailetan Bizkaiko eta Euskal selekzioko kidea izan zen.