Gernika Jai Alai Eskolaren txapelketan gazteen kategoriako irabazlea erabakita dago dagoeneko. Urko Lekerika II puntistak batu ditu puntu gehien.
Izan ere, orain arte lehiatutako bost jardunaldietatik lautan nagusitu da, eta beste inork ezin du jada hori berdindu.
Bestalde, senior kategorian “emozioz beteriko” kiniela aurreikusten dute antolatzaileek. Ubilla, Roke eta Oar-Arteta dira faboritoak.
Aurreko barikuko irabazleak
Hilaren 3an 5. kiniela jokatu zuten. Gazteetan Lekerika II eta Danel nagusitu ziren; Lezamiz eta Libano bigarren sailkatu ziren, eta Unda eta Gorka izan ziren hirugarrenak.
Bestalde, senior kategorian Rokek eta Ubillak eskuratu zuten garaipena. 17 puntugaz, Bidaburu eta Oar-Arteta geratu ziren bigarren, eta sei puntu gutxiago lortu zituzten Barandika eta Onaindia hirugarrenek.
Emozioz beterik
Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketa oso ondo doa, eta emozioa “gori-gorian” egongo da azken jardunaldi honetan: “Norgehiagoka berezibikoa izango da; irabazlea eta gainerako podiumeko postuak jokoan egongo dira”.
Halaber, aurten estreinako umeek parte hartzea haientzat zein txapelketarentzat onuragarria izan dela uste dute: “Pozik ari dira jokatzen. Datorren urterako prestaketa moduan balio die”.
Hain zuzen ere, 18:00etan, umeen kinielagaz hasiko da saioa. Ondoren, 19:00etan hasiko da gazteen lehia, eta azkenik, 20:00ak aldera kantxaratuko dira nagusiak.
Amaieran sari banaketa ekitaldia egingo dute, eta horregaz batera, Eusko Label produktuen otzara zozkatuko dute.
PARTAIDEAK:
Umeak:
- Aimar Astelarra/Basaguren
- Ekaitz/Ander
- Julen/Aimar Kobeaga
- Asier/Eñaut
- Liher/Aitzol
- Oier Diaz (bakarrik jokatuko du)
Gazteak:
- Eneko/Libano
- Unda/Iker
- Urko/Xabat
- Lezamiz/David
- Aritz/Ibon
- Goitia/Gorka
Nagusiak:
- Jon Barandika/Oar-Arteta
- Urrutxua/Onaindia
- Asier Bidaburu/Xabat
- Martija/Ubilla
- Ander/Urtubi
- Roke/Elkoro I